Gure babesaren prezioa
“Kaixo Jon, Ane naiz. Zure laguntza behar dut, baina ezin dut gehiegi idatzi. Dirua behar dut, arazo batean sartu naiz, eta zure beharra daukat. Azkar erantzuterik bai?”
Mezu hau artikulu honetan irakurtzeak, ez dizkizu barrenak nahastuko. Baina hau, WhatsAppeko mezu bidez jasoz gero, eta telefonoz kontaktatzen saiatu ondoren, zure lagunak erantzuten ez duela ikustean… urduritzen hasiko zara, zuk uste baino gehiago. Mezu arraroa, dirua aipatuz, eta telefono deia erantzunik gabe.
Ahots bidezko kontaktuak huts egiten duela ikusita, mezu bidezko elkarrizketatara jotzen duzu. Eta hor bai, hor beste aldean dagoenaren erantzuna jasotzen duzu. Baina arazoa handitu edo hobeto esanda azpimarratu egiten duela ohartzen zara. Mezularitza aplikaziotik dirua azkar behar duela adierazten baitu, zure lagun minaren profiletik gainera, egunero egin ohi duen bezala.
Zer ari da gertatzen? Ziurrenik zure lagun minaren telefonoaren atzean, zuk espero ez duzun norbait dagoela. Gailu, edo aplikazioaren kontrola, beste norbaitek duela. Eta nola gertatu liteke hau? Ramsonware bat? Phishing kasu bat? Zibereraso larri bat?
Ez. Askoz ere errazagoa da. Telefono mugikorra esku artean dute iruzurgileek. Ziur asko lapurreta baten ondorioz eskuratua. Eta gailua babes neurririk gabe zegoenez, zure lagun minaren etxeko ateak parez pare irekita topatu ditu, aparailuaren eta batez ere agendaren kontrola eskuratuz.
Baina nola gertatuko zait hau niri? Hau inozoei bakarrik pasatzen zaie eta! Konturatu gabe egiten ditugun ekintzen ondorioak dira, ohiturak, automatismoak, dena erosotasunaren mesedetan.
Zer egin dezaket? (Aurrez egin beharrekoak)
Pasahitz bat, patroi zehatz bat marrazteko aukera, hatza identifikatzeko zerbitzua martxan jartzea… Gutxieneko segurtasuna ezartzea behar-beharrezkoa da; askotan, nahikoa izaten baita horrelako zerbitzu bat martxan jartzea gaizkileak gelditzeko. Gehienetan, lapurtu dutenaren inguruko interes berezirik ez badute, ez dute iruzurrarekin aurrera jarraituko. Hau da, ziria sartzea ez zaie errentagarria egiten.
Gure telefonoa geokokatzeko zerbitzuak ere aktibatzea komenigarria izan ohi da. Horrela, eta telefonoa martxan dagoen bitartean, GPS koordenatuak eskainiko dituelako, gaizkileen kokalekua agerian utziz. Badaezpadako neurria da, baina lagungarria izan liteke ikerketa bat abiatzeko.
Zer egin dezaket? (Gertatu ondoren)
Lehen puntua lasaitzea izango litzateke. Erraza ezta? Behin arnasa sakon hartuta, gure datuen babesean pentsatu beharko genuke.
Mugikorrean zabalik zeuden aplikazio eta zerbitzuen pasahitzak aldatzea izango litzateke lehen pausua. Ordenagailua edo beste gailu mugikor bat erabilita.
Telefono konpainiaren bitartez, gure gailuko SIM txartela desaktibatzea izango litzateke bigarren pausua. SMSak baitira gure identitatea bermatzeko Interneteko zerbitzu eta konpainiek erabiltzen duten bidea. Hau moztuz gero, gaizkileei mugak eta zailtasunak jarriko dizkiegu. Gure telefono zenbakiaren SIM txartelaren kopia bat eskatzea beharrezkoa da, zenbakia ahalik eta azkarren eskuratu ahal izateko.
Mezularitza zerbitzuak izan ohi dira buruhauste gehien sortzen dituzten aplikazioak. Telegram eta WhatsApp-etik hasten baitira gure identitatea usurpatzen, hasieran aipatutako mezuak bidaliz. Horregatik, eta lehen argitu bezala, beste gailu bat erabiliz gure inguruko jendea informatzea ezinbestekoa da. Telefono zenbakia berreskuratu badugu, puntu hau burutzea errazagoa izango da, mezularitza aplikazioen kontrola izango dugulako. Gure inguruan izan ditzakegun adineko jendearekin harremanetan jartzea izango litzateke hurrengo urratsa: gaizkileak hauengana jotzen baitute lehenik eta behin diru eske, konbentzitzeko errazagoak izan daitezkeenak izan ohi dira haien jomuga.
Eta noski hau guztia egin ondoren, salaketa jartzea beharrezkoa da. Gure datuak babestea ondo baitago, baita gure ingurukoak informatzea ere. Baina are garrantzitsuagoa da gaizkilea harrapatzea, hegoak moztu eta sorrarazi duen mina erreparatu ahal izateko.
Halere, eta errealistak izanda: babesgabe sentitzen garen uneak izaten dira horrelakoak, eta ziurrenik, une zehatz horretan, hemen aipatutako gomendioen erdiez ere ez zara gogoratu ere egingo. Horregatik, eta badaezpada, onena aurrea hartzea izango da, krisi une horretan uholdeak harrapa ez gaitzan.