Artikulu honetan, aspergarria dirudien arren, oso entretenigarria den gai batez hitz egingo dugu: Ethereumeko Blockchain sarearen estandarrak.
Sarritan, ni neu behintzat, estandar hitza entzun eta izutu egiten naiz. Ethereumen kasuan, ordea, dauden estandarren inguruan irakurri eta ikastea gustatzen zait. Horrek, nolabait, egungo joera ezberdinak ezagutu, ulertu eta Ethereum teknologian sakontzen laguntzen dit.
Gaur egun, guztiontzat aski ezagunak diren kriptotxanponek adibidez, ERC-20 estandarra dute oinarri. Kriptotxanpon guztiek estandar berdina jarraitzen dute eta, horri esker txanponek interfaze berbera izatea lortzen da. Horrela, aplikazio bakarrarekin kriptotxanpon guztiak kudeatzeko gaitasuna lortu daiteke. Halere, azken aldian aski ezagunak egin zaizkigun NFTek beste estandar bat dute oinarri, hain zuzen ERC-721 estandarra.
Estandarren sorrera eta helburuez
Nork eta zertarako sortzen dira, ordea, estandar hauek? Oinarrian, estandar hauek Ethereum sarearen beraren funtzionamendua hobetzea dute helburu. Horietako batzuek Ethereumen funtzionamenduan dute eragina, beste batzuek Smart Contract-ak definitzeko balio dute eta badira baita Ethereum erabiltzeko garatzen diren aplikazioetan eragitea helburu dutenak ere. Estandarrak erabiltzea ez da derrigorrezkoa, kontua da, gerora beste sistema batzuekin erabilgarria izateko komeni dela estandarrak erabiltzea.
Estandar berri bat edonork proposatu dezake. Berez proposatzen dena, ordea, Ethereum hobetzeko planteamendu bat izaten da (EIP – Ethereum Improvement Proposal). Proposamen horiek teknologiaren aplikazioarekin zerikusia dutenean ERC bezala sailkatzen dira. Horregatik aurretik aipatutako ERC-20 eta ERC-721a, EIP-20 eta 721 dira, hurrenez hurren.
Estandar ezagun eta ezezagun batzuen aipamena
Norbaitek, 2016ko ekainaren 17an, milioika ETH bereganatu zituen (ETH, Ethereumen kritpotxanpon propioa da). Ethereumeko Smart Contract batean identifikatutako zirrikitu bati esker gauzatu zen aipatutako lapurreta. Smart Contract horrek dirua inbertitzeko aukera ematen zuen, inbertsoreek ordea, egindako inbertsioa berreskuratzeko 28 egun itxaron beharra zeukaten. Hacker batek Smart Contract-aren bidez beste batzuek egindako inbertsioak bereganatu zituen eta, ondoren, 28 eguneko itxaronaldia hasi zen hackerrarentzat. Bitartean, lapurreta hori ekiditeko EIP bat proposatu zen, EIP-779a.
EIP-779ak aurreko egoera iraultzea zuen helburu. Horrela, egindako inbertsioa berreskuratzeko aukera eman zieten inbertsoreei. Hori horrela izanik, EIP-779aren inguruan eztabaida handia sortu zen: Ethereum sarea osatzen zuten nodo batzuek EIP hau onartu zuten, beste batzuek, aldiz, ukatu egin zuten EIP-779aren aplikazioa. Horren ondorioz, fork bat eman zen, hau da, bloke kate bat izatetik bloke kate bi izatera pasatu ginen.
Beste estandar ezagun bat ERC-137a da. Estandar horri esker Ethereum sarean DNS baten sorrera ahalbidetu zen. Gaur egun, DNS horren erabilera oso hedatuta dago eta aplikazio, Smart Contract zein erabiltzaileen Wallet (kripto zorroen) kudeaketarako erabiltzen da.