Interneten gero eta jarduera gehiago egiten dugu egunetik egunera; horrela baieztatu da pasa den konfinamenduan, Internet aisiarako eta informaziorako iturri nagusia izan baita. Bideoak plataforma ezberdinetan igotzea, lagunen edo pertsona ospetsuen profilak bisitatzea, app-ak jaistea, serieak streaming-ean ikustea edo besterik gabe gure kokapena lagunekin partekatzea; horrek guztiak garena konfiguratzen duen sarea sortzen du, Interneten identifikatzen gaituen profila eta arrastoa. Horri “aztarna digitala” deitzen zaio.

Aztarna hori, berez, ez da ez ona ez txarra, eta kasu askotan gure zaletasunekin loturiko edukiak bilatzen laguntzen digu. Baina “itzal digitala” deitzen dena ere sortzen du; hau da, datu horiek, askotan, ez gara ohartzen utzi egiten ditugula, eta hirugarrenek erabil ditzakete beste profil paralelo bat sortzeko askotan partekatu nahiko ez genituzkeen edukiekin (osasunaren, gure gastuen, ideia politikoen, sexu-joeren,… ingurukoak). Batzuetan, gure itzalak gure aztarnak baino informazio askoz ere gehiago eduki dezake, eta informazio hori gure aurka jar daiteke.

 

Aztarna eta itzala, etorkizunean kalte gaitzakete?

Munduari guri buruz erakusten diogunaz ari gara eta gainerako jendeak ikustea nahi ez genukeenaz. Une honetan, ohikotzat jotzen dugu beste guztien eskura jartzea zer egiten dugun, nora goazen, zer erosten dugun, norekin geratzen garen,…

Eta, adibide gisa, “Youtuberrak” ditugu; ia egunero edukiak sortzen dituzte haien bizitzako alderdi bakoitza, zaletasunak,… kontatuaz. Eduki horiek “betirako” erregistratuta geratzen dira, eta edonork kontsulta ditzake.

Gaur egun, Giza Baliabideetako edozein departamentuk sareak erabiltzen ditu CV-ren kontsulta osagarri gisa; horrela, zenbait edukik profil bat atzera bota dezakete eta, era horretan, lan bat galdu genezake.

 

Nola gera dezaket nire itzal digitala?

Zoritxarrez, ezin da. Big Dataren hasieran gaude, era guztietako informazioarekin (pertsonala barne) egindako datu-base handiak izango direnaren konfigurazioaren hasieran. Kasu askotan, oreka bilatu behar da eta jakin zer argitaratzen eta bisitatzen dugun edo zeri “like” ematen diogun.

Gure eskura ditugu VPN bezalako erremintak; hau da, konexioa ezkutatzeko eta gure mugimenduak pribatuak izateko modua, IP helbidea ez erakutsita. Erabiltzen dugun nabigatzaile berak baditu aukerak informazio sentikorra ez pilatzeko edo luzapenak instalatzeko, pribatutasuna gehitzearren. Eta, jakina, era batera edo bestera konprometitua izan daitekeen norberaren informaziorik ez argitaratu.

Gaur egun, zibersegurtasuna esparru guztietan nagusitzen ari da, eta edukiak bilatzen eta ezabatzen espezializatutako enpresa asko daude dagoeneko. Horrez gain, legezko estaldura eskaintzen digu Datuak Babesteko Agentziak. Hala eta guztiz ere, zer egiten dugun eta nola eragin diezagukeen jabetu behar dugu. Nork daki etorkizunean etxeko bonbilla adimentsuen jarduera, ikusten dugun telebista-kanala, gure smartwatch-a, dendetako zaintza-kamerak edo autoko nabigatzailea gure bizitza gu geuk baino hobeto ezagutzeko bide izan daitezkeen. Gaur egiten dugunak eragina izan dezake gure etorkizunean, eta gure eskuetan dago onerako edo txarrerako izatea.