COVID-19 garai honetan, etxetik bi hilabete eman ditut lanean. Telelana deritzon hori frogatu nahi nuen zerbait zen eta, momentuz, ondo doa. Ikusi beharko da telelana gurean gelditzeko etorri den edo ez, baina momentuz aldeko argudio asko dauzka. Laster hausnartzeko momentua helduko da, baina bitartean konfinamenduak bere alde onak dituela esango nuke nik.
Eta ez da hori alde on bakarra.
Normaltasun berria heldu arte kutsadura asko jaitsi da. Kaleak isilik daude motor soinurik gabe. Paseatzeko leku gehiago dugu, errepideak libre egonik. Istripuek behera egin dute nabarmen. Noiztik ez zenituzten txorien txioak entzuten? Zentzu horretan, bere alde onak ere baditu egoerak.
Noski, digitalizazioan ere izan du eragina honek.
Dagoeneko atzean geratu dira lehen egunetako albiste “larriak”: streaming bidezko plataformen kalitatea jaisteko beharra zegoela, Internetetik nabigatzeko abiadura berdin, mugikorren 4G abiadura askoz txikiagoa zela… Orain mundu guztia dago gustora Google Meet, Zoom edota Microsoft Teams-ekin lanean.
Orain, gai honen inguruan hausnartzeko unea heldu da baita: ze kostu du honek? Bai, ados, transformazio digitalak, dirua aurreztea dakar, baina elektrizitate kontsumoaz ari naiz.
Digitalizazioaren ondorioz, elektrizitate-kontsumoa urteko %8,5 handitzen da. Hemen doaz zenbait kasu bitxi:
Netflix da streaming bidezko zerbitzuen artean gehien kutsatzen duena (eta diferentzia handia du besteekiko). Nahiago baduzue, eurotan jarriko dut: PlayStation 4 modeloak stand-by egoeran urte oso bat mantentzeak 60 eurotako kostua dakar; PS 5ak hori 5 edo 10 eurotara jaitsi nahi du (itzaltzen baduzue, ez du kosturik, noski!).
Kontrako aldean, Google-k zerbitzariak ur azpian gordetzen hasi zen aspaldi, elektrizitate kontsumoa gutxitzeko; Ecosia bilatzaileak zuhaitz bat jarriko du bere bilatzailearekin egiten den bilaketa bakoitzeko;
Halakoek axola al digute?
Kalean txoriak entzutea gustatzen zaigu, baina guk gure esku dagoena egiteko prest al gaude? Kotxea hainbeste ez erabiltzea hausnartzeko zerbait den modu berdinean, gure aztarna digital ekologikoaren inguruan hausnartzeko gogoz al gaude?