Informatika zientzia gisa irakasteko ahots asko altxatzen ari dira azken aldian eta nire ekarpenak jarraitu badituzue, badakizue nirea dela ahots horietako bat. Noski, zerbaiten alde egiten dugunean argudioak behar izaten ditugu eta batzuetan erabiltzen ditugun argudioak ez dira behar bezain sendoak.

Duela gutxi aurkitu dut “New directions for computing education” liburua, hau da, “Informatikaren hezkuntzarako norabide berriak”. Ez dut oraindik osorik irakurri, baina bere lehen kapitulua oso oso interesgarria iruditu zait. Bere izenburua “Good (and Bad) Reasons to Teach All Students Computer Science”, hau da, gaurko ekarpen honen izenburu bera. Colleen M. Lewis irakasle Estatu Batuarrak idatzitakoa da eta bertan aipatzen direnak laburbiltzen saiatuko naiz ekarpen honetan. Egia esan, nire burua zuritu beharko nuke, izan ere hor aipatzen diren argudio txar horietako batzuk neuk ere erabili izan ditut eta.

Programazioa

Programatzeko logikoki pentsatu behar da; programetan egindako akatsak aurkitu eta zuzentzeko iraunkortasuna edo pertseberantzia behar da; zientzietako eta matematiketako kontzeptu asko azaltzen dira; programak garatzerakoan balore batzuk azaltzen dira, egindakoa banatzea, kreatibitatea eta motibazioa besteak beste. Egia da programatzean ezaugarri horiek guztiak lantzen direla, baina oso desberdina da hori esatea eta ziurtatzea programatzen ikasten duen pertsona orokgaitasun horiek garatu eta bizitzako beste egoeratara transferentzia egiteko gaitasuna garatuko duela.

Ezagutza eta gaitasunen transferentziaren inguruko ikerketa asko dago eta ondorioa da jakintza eremu batean lortutako gaitasunak beste eremuetara transferitzea ez dela batere erraza. Gainera oso harroputza litzateke esatea gaitasun horiek garatzeko beste biderik ez dagoela eta horregatik programatzen irakatsi beharko litzaiekeela ume guztiei. Hala eta guztiz ere, egia da behar bezala zehaztutako curriculum baten barruan programatzeak lagun dezakeela zientzia eta matematika hobe ulertzen eta ikasten, ez ordea besterik gabe programatzen ikasteak.

Badira ordea beste hainbat argudio zuzen zuzenean erabili ditzakegunak informatikaren irakaskuntzaren alde egiteko, adibidez informatika jakiteak lagunduko diela umeei inguratzen dituen mundua ezagutzen. Esango nuke hori dela derrigorrezko hezkuntzaren helburuetako bat eta ezin dugu ukatu informatikaz inguraturik bizi garenik. Gainera, edozein arlo dela, ikasleek hobe ezagutzen badute errazago sentitu dezakete arlo horren parte izan daitezkeela. Argudio honek balio erantsia dauka. Izan ere, informatikaren parte sentitze hori oso positiboa litzateke ikasketa gisa informatika aukeratzen ez duten giza-taldeengan (emakumeak esate baterako) eragin dezakeelako.

Horrez gain, unibertsitatera iristen diren ikasleen arteko arrakala ere murriztuko luke, une honetan badirelako ikasle batzuk esperientzia dakartenak, beren kabuz ikasita edo hezkuntza ez formalean ikasitakoak eta beste batzuk ordea informatikari buruz, erabilera alde batera utzita, ezer ez dakitenak. Argudio hauek guztiek eragina daukate etorkizunean industriara iritsiko den giza-taldearengan.

Giza talde hori zenbat eta desberdinagoa, genero, arraza eta bestelako izaerei dagokienez, orduan eta eraginkorragoa izango delako. Azkenik, eta argudio hau oso atsegina ez badut ere, kontuan hartu behar da informatikak egun sortzen duen lan eskaintza oso handia dela eta ez hori bakarrik, informatikakoak ez diren lan eskaintzatan ere, informatikako ezagutza nahiko sakonak (ofimatika tresnak erabiltzea baino dezente sakonagoak) eskatzen dituztela.

Orduan?

Beraz esan dezakegu badirela argumentu batzuk, oso erakargarriak izan arren ikerketak baztertu egiten dituenak, baina hala ere badirela hainbat pisuzko argumentu bultzatzen gaituztenak informatikaren irakaskuntza derrigorrezko hezkuntzara eramaten saiatzera.