Gure burbuila digital eta esistentzialetan urtebete daramagu sartuta buru-belarri, COVID-19aren normalitateari gorazarre eginez (edo agian ekidinezina denari men). Mundua pause mode-ean geratu zaigu orainartean, pause dirudien stop batean. Digitalizazioa gure bizitzetan beharrezkoa genuen azken bulkada izan da unplugging-aren beharraz eta ezinbestean onlife-erako amildegian behera goazela jabetzeko. Lana, aisialdia, eta kontsumoa erabat digitalizatu ditugu; eta ondorioz, gu gaude erabat digitalizatuak orain, homo cyber. Hurrengoa, zer ote? Hiritar pandemiko izanik, seguruenik,  txerto-pasaportearekin batetik bestera ibiltzea. Hori, estatuen arteko mugen gaindi zehartzeko ausardia eta patu ona suertatzen bazaizue noski. Beti mugan. Eta mugak, ez dira ez, pasaporte digitalizatuekin konpontzen. Harago, pasaporte digitalizatuek mugatuko dituzte gure estatugintza, naziogintza, eta hiritartasunerako lubakiak, de factozkoak direnak eta gure desirekin amesten ditugun horiek. Arrakala nabarmenak finka litezke gure mapari begira ere, bai eta begiratzen diogun perspektibari berari ere. Baina hori agian beste egun batetarako utziko dut.

 

Tartean, Zoom, Teams, eta WebEx plataforma erraldoiek inperializatu dituzte gure etxeetako paretak, gure errepublika independientearen pribatasunaz jabetzerarte. Eta dena gure muturraren aurrean, galdetu gabe, baimenik gabe. Amazon, Glovo, eta Deliveroo-k nolabaiteko kosmopolita domestiko den jauntxo feudal ere bihurtuarazi ez gaituztenean! Homo Cyber. Zoom-ek bere fakturazioa laukoiztu duen honetan, Amazon-ek bikoiztu egin du, eta Glovo eta Deliveroo-k %50eko hazkundea izan dute. Enpresen %70ak eraldaketa digital sakona bizi dutela diote.

 

Seguruenik bost arrakala digital areagotu dira krisiarekin batera: (i) Sarbidearena. Gure usteen kontra, krisiaren hasieran, oinarrizko heziketetako ikasleen %10 deskonektatua geratu zen. Alegia, 820.000 ikasle orohar (Estatu espainiarrari so). (ii) Erabilerarena. Irisgarritasun eta administrazio online-ak oraindik hobetzeko asko duela frogatu du. (iii) Gaitasunena. Ez gaituak diren hiritarrak anitz dira. Espainiar estatuko erdiak ez ditu gaitasun digitalak eta %8ak ez du inoiz erabili internet. (iv) Datuena. Estandarrak, protokoloak, eta azpiegiturak garatzeko daude. Datu asko sortu dira baina bestalde oso gutxi erabili dira, behar handia zegoenean. Eta nola erabiltzen diren ere zeresan handia emango luke. (v) Konfidantzarena: Datu pertsonalen erabilera desegokiak erabiltzaileen konfidantza urratu dezake, izan ere,   erabilera terminoak, baldintzak, eta pribatutasun politikak maiz onartu behar izaten dira behar bezala ulertu gabe.

 

Eraldaketa eta arrakala digitala eskutik doaz. Nola digitalizatu, pribatutasun eta askatasun zibilen kontura izan gabe? Zergatik da horren garrantzitsua datuen burujabetza eta eskubide digitalen gaiari heltzea? Zergatik eraldaketa digitala diogunean, establishment-ak ostrukarena egiten segitzen du, etengabe, eraginkortasunari soilik begira? Bitartean,  mundu zabalean, eta bereziki Europear Batasunean, baita post-Brexit Erresuma Batuan ere; digitalizazioak post-COVID-19 aroan dakarren debate sozial estrukturalari oso modu trinkoan heldu dio. Next Generation fondoekin ez al dugu behin betiko eraldaketa digitala inplementatuko, ezta? Hori arrakala bat litzateke, eta oso serioa gainera, are gehiago, lubaki digitala ere izan zitekeen. Bada garaia eraldaketa digitalek dakartzaten ondorio sozial eta politikoak aurreikusteko, zein lanketak egiteko, betiere, berrikuntza soziala bidaide metodologiko izanik lubakietara heldu aurretik. 

 


Arrakala: Atzerritik oso deigarria egiten zait euskaraz nola sortzen diren trending topics edo terms-ak. Azken urteetako nabarmenena hauxe da. Elhuyar hiztegian begiratu ezkero, fissure, crack, edo split litzateke. Beraz, ez litzateke gaztelerazko ‘brecha digital’ gisara itzuli beharko. Baizik haustura litzateke sinonimoa, ez hainbeste gaztelerazkoa ‘brecha’. Ingelesezko ‘divide’ ere ez dakit oso aproposa izango litzatekeen. Beraz, ‘Arrakala Digitala’ bere horretan hartzea egokia litzateke.