Arrakala digitala kontzeptu zabala eta konplexua bihurtu da azken urteotan. Konexioa eta ekipamendua (sarbide-arrakala) gainditzen dituen kontzeptua da. Arrakala digitalaren ideiak gizarte garaikideetan aspalditik dauden arazoak xurgatu ditu.
Eraldaketa digitalarekin, gizarteon datifikazioa dela eta, ikusgarri egiten ari dira orain dela zenbait urte pertsonengatik, bizitzaren egunerokotasunean, onartuak eta kudeatuak izan ohi ziren errealitateak. Horrela, gizarte hartan lekua zuenak, oraingo gizartean bazterkeriarako gaia bihurtu da. Zera, orain dela zenbait urte:
- Pertsonak hizkuntza ofizial bat bera ere ez jakitea posibletzat hartzen zen.
- Pertsona guztiek irakurketa-idazketa gaitasun ona ez izatea posibletzat hartzen zen.
- Pertsona guztiek administrazioaren hizkuntza ez ulertzea posibletzat hartzen zen, baita, administrazioaren geruzen ulermena ez izatea, eta euren bizitzetan horrek izan zezakeen eragina.
- Pertsona guztiek gailuak (mugikorrak, ordenagailuak, tabletak,…) erabiltzen ez jakitea posibletzat hartzen zen.
- …
Nahikoa zen leku batean norbere burua aurkeztea arreta zerbitzu bat jasotzeko. Baina, digitalizazioaren teknologiek sistema eraginkorragoak egiteko promesarekin eta aukera hori ezartzea baliatu duen pandemiagatik lagunduak, posibletzat hartzen ziren errealitate horiek ezabatzeko joera hartu dute erakunde publiko zein pribatu gehienek. Arrakala digitalaren arazoak dimentsio berriak hartu dituenez, dena arrakala digitala dela dirudi.
Azken urteetan gai honekin ibili naiz lanean, arazoa ulertzeko nahian, eta ohartu naiz zenbait distortsio daudela sisteman. Nolabait, dena digitalizatzen den heinean, gobernuek gizartea errealitate honetarako prestatu nahi dute eta diru publiko asko bideratzen ari dira arrakala digitala murriztera.
Egun arrakala digitalaren inguruan lan egiten dugunok:
- Irakurtzen eta idazten ez dakiten pertsonekin izaten gara.
- Hizkuntza ofizialak ulertzen ez dituzten pertsonekin izaten gara.
- Administrazioaren funtzionamendua ulertzen ez duten pertsonekin izaten gara.
- Teknologiak: gailuak, azpiegiturak, telekomunikazioen funtzionamendua ulertzen ez duten pertsonekin izaten gara.
- Digitalizazioaren zenbait negozio eredu predatzaileen aurrean zaurgarriak diren pertsonekin izaten gara.
- …
Arazo zahar bat leku batetik beste batera igaro delakoan nago, eta arrakala digitala deitu diogula uste dut.
Arazo hau, gizakion baitan izango da betiko, gizarteratzea modu arrakastatsuan egiteak suposatzen duen esfortzuarekin lotua baitago, eta gizarteak gero eta konplexuagoak bihurtzen ari direnez, etorkizunean, ertz gehiago izango ditu.