Laster dator Euskaraldiaren bigarren edizioa. Honezkero denok jakingo duzuenez, berrikuntza nabarmen batekin: lehengo ahobizi eta belarriprestez gain, oraingoan ariguneak ere izango ditugula. Era guztietako entitate eta kolektiboek atonduko dituzten guneak, bertan sartzen denak jakin dezan patxada osoz aritu daitekeela euskaraz.
Azalpen logikoa eman digute Euskaralditik entitateak inplikatzeko eta ariguneak sortzeko beharra azaltzeko: azkenean, hitz egitea ekintza soziala da, taldean egiten dugu. Gure egunaren heren bat lanean pasatzen dugu, eta beste 5-6 ordu aisialdiko edo ordaindutako lanaz kanpoko jardueratan. Gauzak horrela, hizkuntza ohiturak aldatzeko, ezinbestekoa dirudi lantokien eta halakoen inplikazioa.
Baina, e! Bizi garen sasoi likido eta arraro hauetan, badakizue ‘non’ pasatzen dugun egunaren beste zati handi bat? Kakotx artean jarri dut ‘non’ hori, ez baita leku fisikoa. Are gehiago: leku fisikotik erabat independentea da…
Aber, Sarean.eus atarian gaude eta, non izango da, bada? Noski: interneten, pantailara itsatsita. Digital 2020 txostenaren arabera adibidez, euskaldunon %90 konektatzen gara internetera. Bueno: euskaldunok ez gaitu aipatzen, baina 16 urtetik gorako frantziarren %89 eta espainiarren %91 artean ibiliko gara hor nonbait. Egunean bost ordu eta erditik gora pasatzen dugu interneten sartuta, eta pentsatzekoa da konexio denbora hori ‘transbertsala’ dela laneko eta aisialdiko tarteei dagokienez. Eta bost ordu eta erdi horietatik ia-ia bi, sare sozialetan “jo ta fuego”.
Gure hizkuntza jardunaren zati handi bat, beraz, interneten, Facebooken, WhatsApp taldeetan eta halakoetan egiten dugu. Sarritan, gainera, idatzizko kanalak izan arren, haietan ahozko erregistrotik gertuago dagoen hizkera erabiltzen dugula. Euskaraldia hasteko oraindik denboratxoa dugu eta joan beharko dugu pentsatzen, bada, txapa paparrean jartzen dugunean lan apur bat hartu beharko dugula, kalean, lanean eta supermerkatuan ez ezik, eskolako gurasoen WhatsApp taldean, herriko katuen zaindarien Facebook orrialdean edota Instagramen Kale Nagusiko Gabonetako argien parean argitaratzen ditugun selfietan ere euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egin eta eskatzeko.
Mentalizatzen goazen bitartean, beroketa ariketa ona izan daiteke etxeko -eta poltsikoko- gailuak euskaratzen joatea. Etxealdi garaian, barkatuko didazue autobonboa, horretarako aholku multzo oparoa utzi nizuen nire blogean. A! Eta beste etxerako lan bat: ea, zer izen jarriko diegu euskaraz lasai jarduteko gune birtual horiei? 🙂