Gaur egunean argindarra gizarte eta ekonomia ereduaren zutabea bihurtu da. Aspaldiko kontua da: Elektrizitate garraio eta banaketa sareak, azpiestazioak, eta elektrizitatea kontsumo puntuetaraino eramaten duten zentroak gure bizitzaren oinarrizko azpiegiturak bihurtu dira. XIX. mendearen amaieran elektrizitate sorkuntza industriala hasi eta bigarren iraultza industriala eragin zuen. Hirugarren iraultza, automatizazioaren bidetik etorritakoa, ondo bermatutako hornidura elektriko batek eragindakoa da. Gaur eguneko azpiegitura gehienak XX. mendetik datoz, eta XXI. mende honetan gauza asko aldatzen hasi dira, laugarren iraultza digital-industrialaren bidetik.
Aldaketei eta arazoei aurre egiteko asmakizun berriak sortzen ditugu, eta sektore honetan sare adimendunak edo smart gridak agertu dira, informazio eta telekomunikazio sistema berriekin elektrizitate-banaketako sareak berriztuz. Energia elektrikoaren sektoreak bizi duen negozio eredu eta eraldatze digital handira egokitzeko behar den teknologia berri hori hemen dago, ez da ez zientzia fikzioko kontu bat.
Bestalde, eraldatzea etengabea denez gaitasun berriak landu behar dira erronkei erantzuteko, etengabeko lasterketa batetan. Egun guztiz erabilgarri dagoen teknologia oraindik moldatu egin behar da erabilera bakoitzera, egoera operatibo bakoitzera eta legedi eta arau bakoitzera. Moldatze prozesu hori ere teknologia da, eta askotan arrisku haundienak fase horretan agertzen dira. Berrikuntza eta inbertsio teknologiko nabarmenak behar dira merkatu eta ezaugarri jakin batzuetan funtzionatzen duten produktu horiek integratzeko. Integrazio hori bidean dago, eta asko dira gure inguruan bultzatutako ekimenak, Bidelek kasu.
Erronka handiak sare adimenduentzat: Behe-tentsioko sorkuntza berriztagarri eta banatua, eguzki-energia fotovoltaikoa, ibilgailu elektrikoaren bultzada, argindarra metatzeko gaitasun berriak e.a. Guzti horiek kontsumo-puntuetan konektatuta egon behar dira, eta horrek benetako erronka adierazten du, bermea. Ezin ahaztu argindarraren inguruan ohikoak diren bermeak mantendu behar direla, bai gizartean bai industrian eskatzen diren erabilgarritasun-egoera zorrotzak betez.
Sare adimenduen teknologia horiek guztiak garatu, probatu eta sendotu ahal izateko garapen eta integrazio plataforma aurreratuak behar dira. Izan ere, orain konplexutasun handiagoa dugu, eta sistema konplexuak sendotu behar ditugu, funtsezkoa baita ikustea nolako interakzioak eta zibersegurtasun arriskuak dituzten ekipamenduek elkarren artean eta operazio mailan.
I+G+i laborategiak errealitate berri honetara egokitu behar dira, errealitate hori ekipamendu fisikoetan ez ezik simulazio-teknika konplexuetan ere oinarritzen baita. Simulazioak eta ekipamendu fisikoak konbinatzen dituzten plataformak sortu behar dira.
Sektore elektriko eta oro ar energetikoan digitalizazioa bizkortzen ari da, eta horren ondorioz arrisku teknologikoa kudeatzeko beharra ere halaxe ari da bizkortzen, batez ere zibersegurtasunari lotutakoa. Informazio eta Operazio sistemak sendotzea eta zibersegurtasun arriskuak ekiditea laborategi hauen xedeen artean dago. Energia azpiegiturak gero eta eraso gehiago jasotzen dituzte. Eraso-bideak gero eta agerikoak dira teknologia digitalen erabilera masiboen ondorioz eta bitarteko berriek, konektore berriak, denbora errealeko bideratzaileak eta mota askotako gailu konektatuak erasotzaileentzat sarrera potentzial berriak eskaintzen dituzte. Horrez gain, energia-sistemek sari potoloak eskaintzen dituzte: hornidura nagusia eten, kalte fisikoak eragin azpiegitura elektrikoetan, era askotako sabotaiak edo informazio sentikorra lapurtzea.
XX. mendea joan da, eta garai horretako “Security by Obscurity” babes estrategiak zaharkituak geratu dira. XXI. mende honetan sare adimenduak eskaintzen dituzten onurak agerikoak direnean, argindarra eta zibersegurtasuna bat egin dute. Erronka berriei erantzuteko prest dauden laborategiak eta profesionalak ditugu, gertu gainera. Laugarren iraultza industriala eta mugikortasun aurreratua sustatzeko, sare adimendu sendoak behar ditugu!