Aran Azkarate (Elorrio, 1977) Comme des Machines enpresako CEOa da. Zortzi urte inguru lanean darama taldea sormen industriari lotutako 3D fabrikazioan, naturari so eta hausnarketa etengabean. Makinen herdoila sekula ezagutuko ez duten aitzindariak dira. Posible da, jakin gabe, euren tailerrean sortutako piezaren bat jantzita eraman izana. Comme des Machines Letren laguntzarekin lantokian murgildu aurretik atsegin dituen gauzen inguruan galdetu diogunean ez du zalantzarik egin: “50 hamarkadako arkitektura, 60 hamarkadako kontrakultura iraultzak, 70 hamarkadako  antipsikiatria eta esperimentu psikosozialak, kriston ladriloak irakurtzea eta noski, gauza guzti hauen gainetik Internet eta natura! Nire buruan, gauza berbera dira. Informazioa dantzan!” Bada, goazen dantza egitera.

 


Aran, Comme des Machines duzuen pabilioian sartu ahal izango bagenu zer entzungo genuke aurrena? Zeintzuk dira soinuak? Nolakoa da usaina? Bakerik al dago noizbait tailerrean?
Egunaren araberan, baina oro har itsaslaminen kantua dirudien zer edo zer entzungo zenuke. Makina guztiak dantzan ari direnean  soinua magikoa da. Ados jarri direla ematen du. Usaiak ere natura dakarkigu gogora. Erabiltzen ditugun produktu guztiak organikoak dira beraz gehiengotan olio edo erleen argizari usaina dago. Gure fabrika ez da iraganean ziren modukoak baizik eta etorkizunean ikusiko ditugun moduak. Lan asko dugu beti, sekula ez gaude geldi baina gauden moduan gaudela ere, toki baketsu bat da. Tentsio bako intentsitatea nahiago. Gurera datozen guztiak asko harritzen dira ez bait du imajinatzen zutenarekin antzik. Hau ez da laborategi hotz bat, ezta fabrika ilun edo zikin bat. Datozenak bertan gelditu nahi dute gurekin, dena ukitu nahi dute, dena harridura aurpegiarekin begiratzen dute… sentsazio hori haien aurpegian ikusteak beti pozten gaitu. Seinale ona da.

 

Tailerrean leku kuttunik ba al duzu? Zergatik?
Ez, txoko guztiak maite ditut. Egunez egun forma hartzen doan umetxo bat. Energia eta maitasunez beteriko fabrika da. Pentsatzen dut bertara sartu bezain pronto nabarmentzen den zerbait dela.

 

Comme des Machines-era kanpotik gerturatuko gara. Webgunera salto egiten badugu, “Sormen jasangarri eta pertsonalizatua” hitzekin topo egingo dugu aurrena. 3D inprimazioan zer esan nahi du jasangarri izateak? Izan ere, askotan burura datorkigun lehenengo gauza plastikoa da, hain zuzen, jasangarritasunaren areriotzat azaltzen digutena.
Materialekin hasi baino lehen, azaldu behar da 3D inprimazioa berez jasangarria den teknologi bat dela. Zergatik? Minimoak desagertu egiten direlako.  Hau da, inbentario fisikoak inbentario digitalean bilakatzen dira. Beharrezkoak ez diren stockak desagertu egiten dira. Hori da guretzat, jasangarritasuna lortzeko bidean dagoen puntu garrantzitsuena. Fabrikazio tradizionalak etekinak kopuruaren araberan lortzen zituen. Hau da, lote ikaragarriak fabrikatzen ziren gero saldu beharko zirenak. 3Dari esker, guk ez dugu horrela funtzionatzen.  Gure eredua benetan efikaza eta efizientea da. Gure bezeroek ez dute zertan behar dutena baino gehiago erosi behar. Horrek abantaila handiak ditu, eta ez bakarrik jasangarritasunari dagokionez: ez daukate zertan salduko duten edo salduko ez dutena zer ote den igarri behar. Horrek, kate osoa sinplifikatzeaz gain (garraioa, biltegiratzea eta abar.) etengabeko eraberritzea edo hobetzea bultzatzen du.

Hau gutxi balitz, materialen iraultza ezinbestean gertatzen ari den aldaketa da. Guk erabiltzen ditugun biomaterialak konpostagarriak dira. Hondakin begetaletatik sorturiko materialak dira. Pentsatu behar dugu gainera, benetako iraultza oraindik gertatzear dagoela abiadura ikaragarrian doan arren. Hemendik gutxira, naturaren prozesuen erreplikak egiteko gai izango garela. Hau da, gertuko hondakinak lehengai bihurtuko dira.

Fabrikazio digitala erabat iraultzaile da. Askok ez zuten jakin eta gaur egun ere ez dakite, 3D inprimazioak eskaintzen dituen benetako aukerak. Prototipoak egiteko edo produkzio oso txikiak egiteko bakarrik balio dutela uste dute. Gure enpresak hasieratik defenditu du kontrako tesia. Denborak arrazoia eman digu.

Processed with VSCO with a1 preset

 

Comme des Machines enpresak zortzi urte inguru daramatza lanean. Zer izan zen zuen jaiotza eragin zuen txinparta?
Comme Des Machines txinparta krisi garaian sortu zen. 2008ko krisi ekonomikoak piztu zigun bonbila. Orduan konturatu ginen gertatzen ari zena ez zela krisiaren eragina, ez zela zenera bueltatuko. Kontziente izan ginen, orduan gertatzen ari zenak, aurretik hasitako prozesu bati abiadura ematen ari zela. Aro digitala inauguratzen ari ginela, alegia.  Orduan, gutako bik aholkularitza enpresa bat genuen moda mundura bideratua. Enpresei eraldaketa digitala aurrera eramaten laguntzen genituen. Etorkizuneko beharrak eta moduak identifikatzen, diseinatzen eta ezartzen. Orduan ezagutu genuen 3D inprimazioa eta momentuan konturatu ginen teknologia horrek guk ezagutzen genuen esparruan izango zitzakeen onura eta abantailak.

Beraz, gure kabuz eta beste bi lagunekin bat, ikasten hasi ginen. Laurok genuen amankomunean teknoutopiko berezitasuna hori eta izaera autodidakta amorratu bat. Teknologiak gure esku jartzen dituenak ondo erabiliz gero, aukerak bukaezinak direla pentsatzen genuen. Behingoz gauzak beste era batean egin zitezkeela pentsatzen genuen. Benetan buruan genituenak ideia zoroak baino ez ziren edo zinez ganorazko ideiak ziren jakin nahi genuen. Geure kabuz ikusi nahi genuen erantzuna. Ez gara esaten diguten hori sinetsi egiten dugun horietakoa. Pentsatu behar duzu momentu hartan, mundu guztiarentzat 3D teknologia prototipoak edo pieza berezi eta konkretuak egiteko bakarrik erabili zitekeela. Baina guk gauzak beste era batean ikusten genituen. Guretzat XXI mendera egokitzen den fabrikatzeko modua zen eta da. Artisautza eta industriaren erdibidean mugitzen den fabrikazioa da. Jasangarria, pertsonalizatua eta efizientea.

Behin gure kabuz kalitate minimoa emateko zerbait egiteko gai ikusi genuenean, lehenengo bilduma bat sortu genuen. Ez genuen saltzeko asmorik, gure ikuspuntua aurkeztu nahi genuen.  Jendea eta gure bezeroak ziren enpresen artean zelako harrera zuen ikusi nahi genuen. Hori zan gure helburu nagusia. Zein izan zen gure sorpresa kristoren interesa jaso zuela ikusi genuenean. Laster hasi ginen deiak eta kolaborazio garrantzitsuak edo interesgarriak jasotzen.

 

Nola aldatu dira lantaldearen beharrak?
Ordutik ona, gauzak asko aldatu dira. Etxetik ganorazko fabrika batera mugitu ginen. Orduan guk ensanblatzen genituen makinak, beste makina profesionalago batzuengatik aldatu ditugu. Formatu desberdin askotakoak ditugu produkzio desberdinak egiteko gai izateko. Gure bezeroak ere, asko aldatu dira. Orain elkarren artean tankera oso desberdinetakoak direnak ditugu. Baina aldiz, ekipo betikoak gara. Egia da jende gehiago beharko genukeela taldean (batez ere momentu konkretu batzuetan) baina orain arte inbertsioak makinaria hobetzera bideratu ditugu. Gero eta bezero gehiago ditugu eta gero eta produkzio handiagoak. Hauek aurrera eramateko makina gehiago behar genituen. Gaur egun 12 makina ditugu. Horiekin pentsatuko zenuenaz baino gehiago egiteko gai gara.

 

Hasieran ez zeneukaten profil profesionalik gehitu behar izan duzue?
Ez. Egia esan, ingeniaritza ikasi dutenekin (inori errespetua faltatu gabe, noski) ez dugu oso esperientzia ona izan. Aurreiritzi sakonak dituzte, unibertsitatean ikasitakoak. Baina ideia horiek (gauzak nola diren eta nola izan behar duten) kalte handia egiten diote berrikuntza iraultzaileari. Sortzear dagoen eremu batek ezin ditu horrenbeste ideia mugiezin izan. Pentsatzen dut hori izan dela gure taldearen abantaila nagusia.  Ez jakinaren xalotasuna. Bagenekien nora joan nahi genuen, baina ez genekien nola egingo genuen. Horrek beldurtu ezik, orduak lanean egin, ikertzera edota gure jakintza, hau da, dakigun hori zalantzan jartzera eraman gintuen. Eta horrek eman digu existitzen ez zen zerbait sortzera. Existitzen zen teknologia bati, bide berriak topatu dizkiogu. Hasieran, zorotzat hartu gintuzten, gaur egun gure eremuan aitzindariak gara. Lan asko egin dugu eta egiten dugu egunetik egunera gure burua erronkan jarriz, sistema berri bat eraikitzeko. Ez da gauza berbera, pieza bakarra sortzea edo eta produkzio eder, jasangarri eta konpetitibo bat aurrera ateratzea. Benetako zailtasuna guretzat ez da piezak diseinatzea, baizik eta pieza horiek fabrikatzeko behar duzun sistema diseinatzea. Guk 100 piezako produkzioak egiten ditugu baina baita 40.000koak ere. Produkzio horiek oso desberdinak dira haien artean. Eta hor dago gakoa. Puntu horretan gara gu fuerteak. Ez gara artisauak. Artisautza eta industriaren arteko hibrido bat gara. Hori da gure enpresaren know how nagusia.
Baina hori bai, guk begirada beti urruti dugunez orain arlo berriak ikertzen ari gara datorrenean ezinbestekoak izango direnak. Horretarako bai, nazioartean errespetatuak diren agente desberdinekin elkarlanean gabiltza. Ikertze prozesu horretan jakintza konpartituz. Sekula ez gara konformatzen egiten dugun horrekin edo menperatzen dugun horrekin. Beti ari gara pauso bat aurrerago begirada jarrita. Zoritxarrez, momentuz, ezin dizut kontatu proiektu horiek zeintzuk diren.

 

Proiektu berri horien inguruan jakin bitartean goazen etxe barruko aldaketa teknologikoei so egitera; urte hauetan, nola aldatu dira Comme des Machines-en erabiltzen dituzuen makinak?
Gaur egun erabiltzen ditugun makinak lehen erabiltzen genituenak baino profesionalagoak dira. Abiadura handiagoarekin lan egiten dute eta oro har azkarrak dira. Zoritxarrez, oraindik, ez daude sortuak produkzioak aurrera eramateko beraz, hainbat arazo ikusten dizkiegu. Esaterako: Ez digute guk nahiko genukeen informazioa ematen. Softwareak ez daude pentsatuak makina batek pieza oso bat inprimatu dezan, beraz, hori egiteko, makina bati ‘tranpa’ egin behar diogu. Horrek guk nahiko genuena baino denbora gehiago darama. Efizienteagoak izan beharko lukete makinek.

Softwareak ez daude pentsatuak makina batek pieza oso bat inprimatu dezan, beraz, hori egiteko, makina bati ‘tranpa’ egin behar diogu. Horrek guk nahiko genuena baino denbora gehiago darama Click To Tweet

Guk FDM deitzen dugun 3D familia erabiltzen dugu, horiek baino azkarrago funtzionatzen dutenak ez baititute kolorerik edo material jasangarriak erabiltzen. Gu sormen industriara dedikatzen gara beraz, koloreak, akabatuak edo azken emaitzak eta oro har aukera estetikoak ezinbestekoak dira. Zentzu horretan gaur egun hasi de sektorea kontziente izaten. Hasi ginenean, lau kolore genituen! partxisean ari ginela zirudien!

 

3D inprimazioa nola egiten duzue? Zertarako erabiltzen duzue?
Guk sormen industriari lotutako ekoizpen jasangarri eta pertsonalizatuak egiten ditugu. Moda, arkitektura, interiorismoa… Hau da, bitxigintzarako piezak, Jantzietan erabiliko diren piezak (botoiak, gerrikoen belarria, poltsikoak eta abar.) lanparak, aulkiak, eskulturak, denda edo jatetxeetarako kartelak eta abar. Bezeroak behar duena, behar duenean eta behar duen moduan. Makina berdinekin produktu desberdinak egiteko aukera izatea iraultzailea da erabat. Lehen produktu bakarra egiteko hainbat makina behar zenituen, ziurrenik munduko toki desberdin askotan kokatuak. Orain, justu kontrakoa proposatzen dugu. Eta pentsatu zer izango dan material guztiekin era berean inprimatzeko gai garenean! Laster gertatuko da, gainera.

Lehen produktu bakarra egiteko hainbat makina behar zenituen, ziurrenik munduko toki desberdin askotan kokatuak. Orain, justu kontrakoa proposatzen dugu. Eta pentsatu zer izango dan material guztiekin era berean inprimatzeko gai garenean! Click To Tweet

 

Nolako piezak edo objektuak egin ditzakezue?
Egiten ditugunak hain dira desberdinak, egun berean 3mmtako piezak eta  edo eta 3 metrotakoak lantzen ibili gaitezkeela. Guk gaur egun ditugun makina handienak, 1,5 metrokoak dira baina piezak modu askotan pentsatu daitezke beraz, makina bera baino handiagoak direnak ere egin genitzake. Belarritako batetarako pieza txikiak edo erakusleiho batetarako eskultura izan genezake momentu berean esku tartean.

 

Materialik egin edo horiekin esperimentatzeko tartea hartzen duzue?
Guk ez dugu materialik egiten. Guk munduko material hoberenak erosten ditugu produkzioaren exigentzien arabera. Zoritxarrez, momentuz ezin ditugu bertan erosi. Jasangarriagoa litzateke prozesua. Baina ondo aukeratu behar ditugu gure hornitzaileak. Batzuen eta besteen artean alde handia dago. Esaterako, materialen estabilitatea, kolorearen uniformitatea, pigmentu kopurua, enbobinatua… Pieza gutxi egiten badituzu ezaugarri hauek ez dira arazo bat. Baina, gu bezala, ekoizpenean betean aritzen bazara kontu handiz ibili behar duzu, izan ere, lehenengo pieza eta 10.000. pieza berdin-berdinak izatea ezinbestekoa baita. Horregatik, gaur egun zorroztasun handiz aukeratu behar ditugu gure lehengaiak.

Ikerketa eremuan, hor bai, lanean hari gara beste tankera bateko materialetan. Esaterako, orain esku tartean dugun ikerketa oso interesgarri bat daukagu. Horretarako Europako unibertsitate garrantzitsu batek kontaktu gaitu. Haiek Bioteknologia menperatzen dute, guk fabrikazio digitala. Esaten dizudan moduan garrantzitsua da ulertzea, guk fabrikazioa esaten dugunean ez garela produkzio txikiei buruz ari. Kontu honekin tematzen naiz 3D inprimazioa askok egiten dutelako, baina dozenaka kontatu daitezke produkzio horien unitateak. Guk egin dugun handiena 40.000 izan dira. Horregatik ere bereizgarri gara, guk know how paregabea daukagu. Kontatzen nizun moduan, unibertsitate horrekin material berriak landuko ditugu. Haien eta gure artean “frontoi lana” egiten dugu; beraien ezagupenak eta gureak joan etorrian ari dira, eta elkarrekin bide berriak topatzen ditugu. Proiektu hau hasi berri dago baina ikaragarria izango da.

Beste hiru unibertsitaterekin ere, ikerlanean hari gara zentzu berean. Material berriak topatu nahi ditugu produkzioak aurrera eramateko balioagarriak izango direnak. Pena da unibertsitate guzti hauek atzerritarrak izatea. Etxean oraindik, ziurrenik gure historiaren ondorioz, ez gaituzte horren serioski hartzen. Esan dezakete ez dira ingeniariak, emakume batek zuzentzen ditu, eta gainera, sormen industrian lan egiten dute? Jende alternatiboa garela ematen du eta ez serioski hartu behar den industria jendea.  Guk fabrika bat daukagu. Ez gara diseinatzaileak, ez gara start up bat eta ez, ez gara ingeniariak… Etorkizuneko fabrika sortzeko lanean ari garen talde bat gara. Harro gaude, munduan lehenak izan garelako Mango bezelako marka batentzat, masa merkatura zuzentzen den marka batentzat, kolekzio bat produzitu izanagatik. Horrek 3D inprimazioa jendeak uste duena baino gehiago egiteko gai dela frogatzen du. Gure enpresak hasi-hasieratik defendatzen zuen horretan zuzen zebilela, frogatzen du. Ez dago batere gaizki, autodidakta talde zoro batentzat, ezta?

 

 

Etorkizunari begiratzen diozue etengabe, baina, atseden hartzeko edo erlaxatzeko tarterik ba al dago? Eta egindako lanaz disfrutatzeko?
Etorkizuna irudikatzen topatzen dugu guk atsedena. Hasi ginenetik gaur egun arte oso gogorra izan da. Gau eta egun egin dugu lana. Oraindik ere horrela gabiz. Oporrik gabe, asteburu askotan lanean, gau asko lorik egin gabe… baina guk aukeratu dugun bidea da. Gainera, lagun artean egiten dugun bidea da. Pribilegiatuak gara edo gu behintzat, horrelaxe sentitzen gara. Maite duzuna eskuartean daukazunean, eta hori maite duzunekin konpartitzeko aukera daukazunean, jolas-jarduera eta lan eremuaren arteko mugak erabat desagertzen dira. Bizitzak eta lanak bat egiten dute. Gozatzen duzun bitartean sufritzen duzu eta sufritzen duzun bitartean gozatzen duzu.

 

Aran, nolakoa da sektorea?
Gainontzeko sektore guztiak bezalakoa. Egunero aldatuz doa zerbait. Plastizitatea, malgunatsuna, flexibilitatea eta etengabe zaharrak ahaztu eta berriak ikasteko gaitasuna exijitzen du gure sektoreak. Etorkizuna horrelakoa da. Etengabeko transformazioan sentitu eroso sentitu behar duzu. Pertsonak joera dugu pentsatzeko, hainbat gauza beti izan direla eta beti izango direla diren modukoak. Niretzat ez dago zalantzan jar ezin daitekeenik. Dena berraztertu daiteke. Ez dut maximetan edo ideia mugiezinetan sinesten. Titular bat emateko ondo daude, baina miopeak dira beti.

Niretzat ez dago zalantzan jar ezin daitekeenik. Dena berraztertu daiteke. Ez dut maximetan edo ideia mugiezinetan sinesten. Titular bat emateko ondo daude, baina miopeak dira beti. Click To Tweet

 

Arriskatuko zinateke esatera, tendentzia argia ikusten baldin baduzu, noski, zein izan daitekeen makina eta materialmen joera aurrerantzean?
Bai, arriskatzen naiz. Nire iritziz ahaztu ezin dugun oinarrizko puntu bat dago. Apur bat sinplifikatuz, orain arte teknologia mota asko garatu dira bakoitza bere bidetik eta paraleloki. Etorkizuna lerro guzti horiek batuko dituen puntua da. Bioteknologia, adimen artifiziala eta manufakturak bat egingo dute mundu berri bat sortuz. Objektuak multipleak, etengabe eraldatzen direnak, jasangarriak eta pertsonalizatuak izango dira. Teknologia guzti horiek batzen direnean, ez gara gai izango mundu naturala eta mundu artifiziala bereizteko. Ez dugu jakingo nork eta nola sortu den. Irrikan nago gauza guzti horiek gure begien aurrean nola hazten diren ikusteko. Eta hazten diot horrek bildu dezakeen intentzio osoarekin. Ederra izan daiteke… Baina teknologiak bere kabuz ez du guzti hori sortuko. Buckminsterrek esaten zuen moduan “Gu gara etorkizunaren arkitektu eta ez bere biktimak”.

 

 

Sortzaile eta marka ezagun askorekin lan egin duzue. Hasi zinetenik ona, zeintzuk izan daitezke horietako batzuk?
Gure bezeroetako batzuk dire: Loreak Mendian, Nike, Mango, Helena Rohner, LVMH taldea, Palomo Spain, Botin Zentroa eta abar.

 

Gainera, euren artean ere oso gauza diferenteak egiten dituzte, eta zuek ere horiekin bat egiteko gaitasuna daukazue. Nola lortzen duzue?
Bai, arrazoi handia daukazu diozun horretan. Gure bezeroan artean oso enpresa eta marka anitzak ditugu. Horrek asko pozten gaitu ze etengabe derrigortzen gaitu puntu batetik bestera salto egitera. Burua entrenatzen du tankera oso desberdinetako arazoak konpontzera. Plastizitate handia ematen du. Modu transbertsalean pentsatzera ohitu egiten zara. Eta azkenean konturatzen zara, proiektu batekin, bezero batekin edo eskala batean ikasi dituzunak beste makina baten ezaugarrietara aplikatu daitezkeela. Askotan gure bezeroei irtenbide berriak topatzen dizkiegu bere arloan normalean ematen ez direnak. Asko apreziatzen duten bertute bat da hori. Gu ohituta gaude modu eraginkorrean pentsatzen. zein da hau egiteko modurik onena? Nola egin genezake gehiago, gutxiagorekin?  Hori da gure abiapuntua beti. Pentsamendu mota horrek beti ditu ondorio ederrak. Baina edertasuna ez da sekula lehen pausua. Baizik eta ondo egina dagoen lanaren ondorioa.

Edertasuna ez da sekula lehen pausua. Baizik eta ondo egina dagoen lanaren ondorioa. Click To Tweet

 

Marka eta sortzaile horietako hainbaten piezak eramatea posible, baina, seguruen janzten ditugun hainbat gauza ez dakizkigu ezta nola eginak diren. Horrek alde edo kontra egiten du?
Bai, egia borobila esan duzu. Ez dugu jakiten erabiltzen ditugun gauzak nola eta non egiten diren. Guretzat horrek arazo handia planteatzen du, baina ez guretzat enpresa moduan, azkenean guk geure burua beste batzuen zerbitzura jartzen dugun tresna bat baino ez gara. Baina orohar gizartearentzat eta ingurugiroarentzat oso planteamendu arriskutsua da. Nola eskatuko dugu pertsonekin eta ingurugiroarekin errespetuz jokatzea prozesuak nondik eta nola datozen ez baldin badakigu? Nola erregulatuko ditugu prozesu horiek sekretuan mantentzen badira? Hala ere, uste dut, horren errudun kontsumitzaileak garela. Guk daukagu gauzak aldatzeko boterea. Non gastatu nahi dut nik nire dirua? Kartera ateratzea, momentu jakin batean, boza ematea baino garrantzitsuagoa da. Denok dugu gure ardura zatia. Eta ardura hori ez genuke sentitu behar gainean eraman nahi ez dugun pisu gisa, baizik eta gure esku gauzak aldatzeko aukera ematen digun tresna bat bezala.

 

Comme des Machines-ek zer egiteko gogoa du aurrerantzean? Non duzue begirada jarrita?
Naturan! beti dugu begia jarria naturan. Guk ez ditugu erantzunak topatzen. Gure galdera guztien erantzuna naturak topatu ditu beste inork baino lehenago. Ideia arrakastatsuak izatez, gainera! Guk gizabanako moduan egin behar duguna naturak egin duena ulertzea da. Gure erronka datozen urtetarako hori da. Makinei esker, naturatik gertuago egotea. Kriptiko xamarra dirudi guzti honek orain, baina ezin ditut kontatu esku artean ditugun gauza asko.

Kontatu dezakedana da, ildo praktiko eta konkretuago batzuei buruz arituz, hurrengo urteetan fabrika handiago batera mugitu nahi dugula. Bigarren sede bat irekitzeko asmoa dugu, beste kontinente batean eta ikerketak, noski, taldearen energia asko exijituko duela.

 

Zein da urte hauetan gogorren egin zaizuna? Eta poz handien eman dizuna?
Oso momentu latzak bizi izan ditugu. Sakrifizio handiak egin ditugu, lan asko egin dugu eta guzti hori ur-lasterren kontra. Baina sufriarazi gaituen guztia gainditu izanak, horrek ematen du poz handiena. Zure burua zer egiten gai den ez dakizu, egiten duzun arte. Zorionez, bizitzan ez dugu jakiten erabat zein den aukeratzen dugunaren prezioa hori ordaintzea tokatzen zaigun arte! Zorionez diot, ze bestela gauzarik ederrenak ez lirateke egingo! Beldurrak kokilduko gintuen. Inkontziente puntu batekin, agian, abenturari atea ireki genion, eta behin abentura hasi eta gero, nola utzi? Nola utzi hain bide ederra? Gehien sufriarazi diguten proiektuek orain gehien maite ditugunak dira. Behin zailtasunak gaindituta beste pertsona batzuetan konbertitu garela konturatu gara, eta horrek hurrengo erronkak konfiantzarekin hartzeko prestatu gaituzte… Beraz, etor daitezela etorri behar direnak! Gertu gaude horiei ere kemenez aurre egiteko.

 

Sektore gogorra da zuena? Zer egiten zaizu aldapan gora, eta zerekin gozatzen duzu?
Aldapan gora sentitzen zara lekuz kanpo zaudenean edo zure bertute naturalak garatzeko aukerarik ez daukazunean. Guk aukeratu dugun bidea gizartearentzako eta ingurugiroarentzako onuragarria den zerbait eraikitzeko aukera ematen digu, eta bide batez, guretzako bizimodu eder sortzen du. Horrek aldapatxoren batzuk merezi ditu! Ez dut uste gainera aldapa bako biderik existitzen denik.

 

Zeintzuk dira Comme des Machines-en erreferenteak?
Gure errenferentzi nagusiak, kontraesan bat dirudien arren, 60 eta 70 hamarkadetan kokatutakoak dira, kontzeptualki zein estetikoki. Orduko kontrakultura mugimenduek, sormen industriek gizartearekiko eta ingurugiroarekiko zer paper jokatu behar zuten galdetzen zioten euren buruari. Erreflexio kritiko eta zorrotzek jarrera optimistekin bat egiten dutenean asko inspiratzen gaituzte. Gaur egun, erreflexio horiek berriro dira garrantzitsuak bidean apur bat galdu bait gara. Berriro galdetu beharko genioke gure buruari: Zer funtzio bete behar dute gaur egun? Nola egingo dugu hori inporta zaizkigun gauzak arriskuan jarri gabe?

Erreflexio kritiko eta zorrotzek jarrera optimistekin bat egiten dutenean asko inspiratzen gaituzte Click To Tweet

Arrapaladan bizi da gizartea, eta inguru digitalean ere bolada bizian gertatu ohi dira aldaketak. Nola bizi duzu egunerokotasuna? Nolakoa da zure lan egun bat?
Seguruenik astun xamarra emango dut baina, berriz ere: naturara begiratu behar dugu. Natura beti dago mugimenduan eta ez da horregatik estresatua bizi. Guk estresatu dugu gure bizimoduarekin baina bere seneko etengabeko mugimenduan ez dago estresik. Garrantzitsuena ez da zer egiten dugun baizik eta nola egiten dugun egiten dugun hori. Askotan esaten dut taldean egun gogorretan murgilduak gaudenean intentsitatearekin bai, baina tentsiorik gabe!

Azkenean, gure lantaldeak sekula ez du izan pilotu automatikoan lan egiteko aukerarik. Egun berean eskala, nortasun eta exigentzia desberdinak dituzten proiektutan aritzen gara. Hori buruarentzako oso gogorra izan daiteke. Askotan ez dakizu nola egingo duzun egin behar duzuna. Horrek erraz jarri zaitzake tentsioan. Beraz, burua epel eta bihotzean poza. Ez dago besterik.