1950etik gaur egun erabiltzen ari garen ordenagailuek konputazioaren oinarrizko kontzeptu batean oinarritzen dira: bit delakoa. Bit-a informazio konputazionalaren oinarrizko unitatea da; bitarra da gainera, 0 edo 1 balioa izan dezake, baina ez biak aldi berean.
Konputazio kuantikoaren printzipioa qubit edo bit kuantikoa da. Ordenagailu kuantikoak qubitak erabiltzen ditu biten ordez. Modu sinple batean esanda: bit-a 0 edo 1 egoeretan egon badaiteke, qubit-a bietan egon daiteke aldi berean.
Ondorioz, ordenagailu kuantikoek orain ezagutzen ditugunak baino askoz azkarragoak izateko gaitasuna dute. Ez pixkat, askoz azkarragoak baizik. Asko asko. Oraindik garapen fasean dauden arren, laster izango ditugu gure artean. Eta une horretan gaur egun seguruak diren datu digital asko arriskuan egongo dira… ez bada ezer aldatzen.
Imajinatu egoera hau: norbaitek WhatsApp-en zerbitzariak urratu nahi balituzke zure txatak irakurtzeko. Ohiko ordenagailuen bidez (baita kripto-moneta mehatze lanetan erabiltzen diren superkonputagailuen bidez ere) prozesuak urteak beharko lituzke, inoiz lortuko balu.
Ordenagailu kuantiko batekin, ordea, prozesu horrek segundo batzuk beharko lituzke.
Horrek dena aldatuko du: WhatsApp babestea gure ardurarik txikiena izango da. Dena digitalizatuta dugun garai honetan, nortasun agiritik SIM txartetara arte, kreditu txartelak edo autoen gidaketa automatizatutik pasatuz, ezer ez legoke seguru.
Horren kontra, zerbait egin beharko: ezer ez egitea ez da aukera bat. Oraindik ez dakizkigu enpresa pribatuen asmoak, baina zenbait gobernuetan hasi dira mugimenduak. Erresuma Batuan “ultrasekretu” gisa sailkatutako gobernuaren datu guztiak “post-kuantikoak” dira jada, hau da, ikertzaileek kuantikoen aurka diren zifratze-modu berriak erabiltzen hasita daude.
Kriptografia post-kuantiko “desfile” moduko bat egiten ari dira AEBetako Zientzia eta Teknologia Institutu Nazionalean. Helburua defentsa-estrategia estandarizatu bat ezartzea da, industria, gobernua, akademia eta azpiegitura nazional kritikoa apokalipsi kuantikoaren arriskuen kontra babesteko.
Adibideak baino ez dira, baina argi dago ezin daitekela azken momentura arte itxaron, arazoa esku artean izan arte zain egon. Ez da erraza izango. Baina argi dago lan-eremu izugarria izango dela datorren urteetan: algoritmo kuantiko seguruen garapena izango da gure garaiko segurtasun-erronka nagusietako bat.