Hain zuzen hori da Sydney Finkelstein irakasleak  esandakoa orain dela gutxi, eta arrazoi puntu bat eman behar zaio ezta? Homo Sapiens sortu zen momentu beretik (200.000 urte jada) tresnak eta teknika berriak asmatzeari ekinez gure mundua aldatzen ari gara, eta azken hamarkada hauetako iraultza digitala pauso bat besterik ez da.

Tresnak eta teknika berritzaileak gure bizitza errazteko, lanean eta egunerokotasunean, bata bestearen atzetik eta etengabe.  Gaur egunean eta gure gizarte hiper-teknifikatu honetan sistema digitaletan algoritmoak garatzeko ahalmena aspalditik sortutako txinparta batzuetatik dator (George Boole eta bere Logikaren analisi matematikoa adibidez, 1847. urtean) eta bere atzetik etorri ziren genioak Boolen Aljebra erabiliz  XX. mendean gaur egunean guztiz ohikoak ditugun XXI. mendeko teknologia digitalak garatu zituzten. Izenak asko, baina bi faborito esatekotan, George Shannon (informazioaren teoriaren aita) eta Douglas Engelbart (Augmenting Human Intellect, zirrara sortzen duen “demo” sesioa, 1968. Urtean).

Jenio guzti hauek eta etorkizuneko jenio guztiak komunean edukiko duten ezaugarri garbiena: Sormena. Sortzea da klabea, aurreko jakintza bereganatu eta bide berriak bilatu, erratu eta ikasi, jakintza berria eta erabilgarria sortu arte. Algoritmoak eta adimen artifiziala desberdinak izan behar al dira? Noski ezetz. Egia da “singularitate teknologikoaren” ideia aurrean dagoela (noizbait adimen artifizialak sormen autonomoa lortuko duten momentua, eta ondorengoak) baina horretarako hamaika Teleberri falta dira. Hori baino gehiago, hori lortuko duten ikertzaile eta garatzaileak orain umeak izango dira, edo jaiotzeke egon litezke. Horrela izanik, zer egin genezake gure umeak edo datozen umeak sormen digitalean murgiltzeko?

Teknologi digitalen erabiltzaile hutsak nahi ditugu, edo sortzaile digitalak? Betiko multinazionalaren azkeneko software ofimatikoa erabiltzen duten umeak nahi ditugu, edo errotik teknologia digitalak ulertzen dituzten umeak? Eskuliburuak ederto ulertzen dituzten umeak, edo zerotik asmakizunak egiten saiatzen diren umeak? Algoritmo konplexuak tenteltzen dituzten umeak, edo algoritmo xumeak baina baliagarriak sortzen dituzten umeak? Goazen sormenera. Bidea argia da: Txikitxoenak beldurra kentzen Scratch eta antzeko “jostailu” itxurako garapen tresnak erabiliz, eta nerabeak Elhuyar Zientzia Azokan, euren asmakizunak erakusten Arduino, Raspberry Pi, Mindstorms, eta antzeko garapenekin.

Tenteltzen gaituena pasibotasuna da, erabiltzaile itsuaren papera bultzatuz.