Musika zein serieak aholkatu, hurrengo erosketa edo bikote aproposena, gustuko izango duzun liburu edo arropa… Adimen Artifiziala eta konkretuki Ikasketa automatikoa gure eguneroko bizitzan guztiz sartuta daude. Eta gainera batzuetan asmatu eta guzti egiten dute 😉
Baina geure erabaki, ekintza eta perfiletan oinarritutako algoritmo hauek horietaz haratago doaz, eta izan dezaketen ondorio eta eraginak geroz eta kezkagarriagoak dira.
Europar batasunak, algoritmo hauek iragarki politikoetan duten erabilera kontrolatu nahi du, eta horregatik azaroan hauek arautzeko proposamena aurkeztu zuen. Alde batetik iragarkiak “politiko” bezala identifikatuak izan beharko dira ez bakarrik alderdi politiko baten izenean doazenean, helburu politiko bat edukitzea nahikoa izango da. Eta nork eta zenbat ordaindu duen ere adierazi beharko dute.
Bestetik, gure harira, segmentazio eta optimizazio teknikak publikoki garbi azaldu beharko dira eta datu konfidentzialak erabiltzea galarazi egingo da aurretik onartzen ez bada. Datu hauek arraza- edo etnia- jatorri, iritzi politiko, sinesmen erlijioso zein filosofiko edo afiliazio sindikalarekin, bai eta datu genetiko, biometriko eta osasunekoekin edo bizitza zein orientazio sexualari buruzko informazioarekin lotutakoak dira. Ez hori bakarrik, iragarkietan algoritmoak zeuri zuzentzea zergatik erabaki duen ere agertu beharko du. Eta badirudi, arau hauek ez direla iragarki politikoetara bakarrik mugatuko. Ea egia den…
Espainiako gobernuak, Más País-Equorekin aurrekontuen inguruan izandako negoziaketan, Adimen Artifiziala Gainbegiratzeko Espainiako Agentzia sortzea adostu du, sare sozialen algoritmoak kontrolatu eta zelan aplikatzen diren gainbegiratuko duena. Bere neurriak pertsonen osasuna eta segurtasuna arriskuan jarri edo oinarrizko eskubideak murriztu lituzketen jardueretara zuzenduko dira bereziki.
Ildo beretik doa azaroaren 25ean onartu zen Unidas-Podemosen zaintza masiboko sistemei eta pertsonen jokabideak modu prediktiboan baloratzen dituzten teknologiei buruzko adimen artifizialeko mekanismoen (IA) erabilera baimenduei buruzko legez besteko proposamena.
Ekintza hauek zenbaterainoko eraginkorrak izango diren zalantzan dago. Alde batetik administrazio eta enpresa publikoak behartzea “erraza” den arren, enpresa pribatuekin orokorrean, eta bereziki bertokoak ez diren enpresekin (erraldoi teknologikoak kasu) zalantzak daude legalki horiekiko neurririk hartu ote daitekeen, eta esandakoaren arabera, kasu hauetan txosten inpartzial informatiboak plazaratuko dituzte.
Bestetik, ez dago garbi Gobernuaren gogoa zein den. Adibidez Renfe enpresa publikoak, Madril, Andaluzia, Katalunia edo Euskadiko 25 hiri-estaziotan aplikatzeko, zenbait parametrotan (generoa, jantziak, jatorri etnikoa…) oinarritutako bideo- eta azterketa-sistema baten lizitazioari buruzko lehiaketa baten iragarkia argitaratu zuen. Polizia Nazionalak berriz, nortasun digital biometrikoko sistema automatiko baten lizitazioa uztailean.
Bukatzeko, gogoratu cookie zein erabilera baldintzak irakurri barik onartzen ditugun bakoitzean, balitekeela gorago aipatutako gure datu konfidentzialak oparitzen egotea. Eurak ez dute inoiz ezer musutruk oparitzen.