Fake news. Albiste faltsuak. Modako gaia sare sozialen arduradunen artean. Twitter, Google, Facebook… batez ere Facebook! Aliantzak ere bultzatu dituzte, albiste faltsuen izurritea geldiarazteko asmotan.

Zantzu gero eta garbiagoak daude, neurrira fabrikatutako albiste faltsu eta zurrumurruek paper garrantzitsua jokatu dutela, besteak beste, Trumpen garaipenean, edo Brexitaren inguruko bozketaren emaitzetan. Sare sozialetatik bertatik ere kontatu digute oso arriskutsuak direla, haien bidez oso erraza delako jendea manipulatzea.

Facebookek ere iragarkiak jarri ditu prentsan, erabiltzaileoi irakasteko albiste faltsuak bereizten. Esan digu argitalpen politika ere aldatu egin duela, halako albiste eta zurrumurruei bidea mozteko eta demokrazia eta erabiltzaileon informazio eskubidearen alde dagoela argi uzteko… eskerrik asko, Facebook!

Eta horretan genbiltzala, hara non jakin dugun Facebookek 50 milioi erabiltzaileren datuak eman dizkiola beste enpresa bati. Eta beste enpresa horrek Trumpen aldeko bozkak eragiteko albiste faltsuak hedatzeko erabili dituela.

Azalpen bitxi samarra eman du Facebookek: unibertsitate ikerketa baterako eman zituztela datuok, eta gerora jakin zutela datu horiek enpresa baten eskutara pasatu zirela, beraiek ezertxo ere jakin gabe. Bai, noski, Estatu Batuetako enpresen kirol nazionala halako gauzengatik epaiketak muntatzea dela jakingo ez bagenu bezala. Edo Facebooken beraren negozio nagusia bere erabiltzaileen datuak beste enpresa batzuen esku jartzea dela jakingo ez bagenu bezala.

Publizitate kontuetarako erabiltzen dira normalean datu horiek. Jakiteko produktu jakin bat nori eskaini behar zaion eta nori ez. Baina azken finean, boto intentzioa eraldatzeko pentsatutako albiste faltsuak zer dira, bada? Horixe bera: publizitatea, publiko talde jakinen iritzia eta intentzioak eraldatzeko mezuak. Alde teknikotik, ez dago ezberdintasunik, sistemari berdin-berdin eska dakioke 30-40 urte bitarteko jokozaleei azken kontsolaren iragarkia erakusteko, edo bozkatzeko adinean dauden eta bozka intentzio argirik ez dutenei Trumpen aldeko mezuak helarazteko.

Eta bai, Facebookek oso erraz kalkula dezake zein den zure joera politikoa. Denbora baldin baduzue, eman begiradatxo bat Dataselfie proiektuari. Ikusiko duzue, Facebooken erabileran soilik oinarrituta, zer ‘selfie’ zehatza egin daitekeen di-da batean, bakoitzaren orientazio politikoa, erlijiosoa eta abarrak barne.

Beharbada paranoikoegia da, baina batzuetan iruditzen zait Facebook eta enparauek burua bete digutela albiste faltsuen inguruko burrunbarekin, mamiarekin konturatu ez gaitezen: albiste horiek, azkenean, beste publizitate mota bat dira, eta Facebook, Google, Twitter eta abarrak estilo horretako publizitate segmentatua saltzetik bizi diren enpresak dira finean. Eta bai, demokraziarako oso arriskutsuak dira, baina halako korporazio handi batek erabaki behar duenean, zer aukeratuko du, demokrazia ala etekina?

Albiste faltsuak gurasoak dira, lagunok. Eta ni nire Facebook kontua ezabatzen hasita nago.