Mitologiaren arabera Akiles jaio zenean Estigia aintziran sartu zuten hilezkor bihurtzeko nahian. Estigiaren urak bertan sartzen zen edozein gorputz atal hilezkor bihurtzeko gaitasuna ei zeukan. Akilesen amak bertan bainatu zuen eta honek hilezkortasuna eman zion, orpoan izan ezik, gorputz atal honetatik eutsi baitzuen aintziran sartu zuenean. Hortik dator Akilesen orpoaren mitoa, puntu ahularen kontzeptua.
Zein da hainbeste erabiltzen ari den eraldaketa digitalaren Akilesen orpoa? Menpekotasuna. Gure ekoizpen azpiegiturak, kudeaketa prozedurak, finantza sistemak eta gizarte zerbitzuak digitalak bihurtzen diren eñean gure menpekotasun digitala handitzen da. Menpekotasun hori gaur egunean itzela bada, etorkizunean totala bihurtuko da. Menpekotasun horrek zalantzak eragiten ditu, nola ez, baita kezkak ere. Nire ustez kezka batzuk tokiz kanpo daude eta konspiranoia-distopiaren zaletasun bat erakusten dute. Beste batzuk aldiz… bai, asko egiteke! Eraldaketak Akiles orpo bat badauka, nire ustea konfiantza digitalean dago. Konfiantza hori lantzeko bi bide daude: Legedia eta garapen teknologikoa. Bi ardatzetan berrikuntza nabariak ditugu:
- Legediaren aldetik GDPR dator. General Data Protection Regulation araudia 2018ko maiatzaren 18an ezarriko da, eta Europa mailan datuak kudeatzeko prozedurak eta arauak batu eta beste maila batetara eramango ditu. Aurreko zuzentaraua 1995 da, eta urte luzez Europa mailan eraldaketa digitalak data kudeaketan suposatzen dituen erronkei erantzun bat emateko bidean eztabaida luze baten ondoren 2006an sortutako araudia da. Zertarako araudi berria? Herritarrok gure datuak kudeatzeko eskumena lortzeko, multinazional eta transnazionalen gainetik. Europak Estatu Batuetako erraldoiei aspaldi eman behar zion erantzuna badator. Gure datuekin profitak egin nahi ezkero, gure baimena eta parte hartzea. Behin araudia martxan dagoenean herritarron eskura egongo da araudiaren mamia mundu digital honetan konfiantzaren aldeko pauso bat izatea, edo ez.
- Teknologiaren aldetik bogan dagoen berrikuntza bat, beste askoren artean: Blockchain edo Bloke-katea deritzon teknologia. Askok “zilarrezko balatzat” daukaten teknologia honek konfiantza maila asko altxatzen badu ere eta kasu anitzetarako baliagarria bada ere, teknologia guztien moduan mugak ditu. Bestalde Bloke-kateak Bitcoin kriptotxanponarekin nahasten da, eta hori tostada batean ogia eta gurina nahastea bezalakoa da. Eraldaketa digitalean gabiltzanok ezinbestekoa daukagu bloke-katearen oinarri teknologikoak ulertzea, aztertu ahal izan dezagun nola lagundu diezaiekeen zibersegurtasun-teknologia horrek balio bereizgarria sortzen.
Gehiago jakin nahi?
Aukera maiatzaren 17an Zamudion, “Blockchain edo bloke-kateak: zure negozioa aldatuko duen kriptografia ulertzea” jardunaldian . Deialdian idatzi dugun moduan jardunaldian erraz ulertzeko moduan azaldu nahi da bloke-katearen atzean zer zibersegurtasun-oinarri dauden: algoritmo kriptografikoa, zenbait parte-hartzaileren artean banatua dagoen datu-base deszentralizatuaren segurtasun eta pribatutasun maila, adostasuna sortzeko teknikak, transakzioen logika txertatzeko baliabideak, bloke-kate irekiak edo pribatuak sortzeko bideak… eta gaur egun tostada horiek sortzeko ditugun plataforma nagusienak: Ethereum eta Hyperledger. Gurina sortzea gure esku!