70.000 lagunek baino gehiagok emana dute izena dagoeneko. Litekeena da, dagoeneko, antolatzaileek 100.000ko langa ere jomugan izatea.

Horien guztien ariketak itzularazi beharko luke euskara herrietako plazetara, euskaren eszenatoki nagusi beharko lukeen horretara. Plaza fisikora, alegia. Eta digitalera?

Gaur egungo plaza, herrikoa bezainbeste da SAREA.

Sarea da plaza.

Sarean 15 urtetik gorako 2 milioi Internet erabiltzaile daude Euskal Herrian.

Nabigazio-ohituren estimazioen arabera 65.000 erabiltzailek euskaraz nabigatzen dute. %3 – %4 baino ez gara.

Ez ote gara Euskaraldian izena eman duten berberak izango!

Ez litzateke harritzekoa pertsona berak izatea, offline eta online jarrerak guztiz interkonektatuta baitaude, bat dira dagoeneko.

Hortaz, nola izan gaitezke AHOBIZI digital?

 

Txapatxoa

Jarri txapatxo digitala, fisikoa bezalakoa baina jertserik zulatzen ez duen horietakoa:

·       Facebooken  (estekan klik egin eta euskaraldia bilatuta)

·       Twitterren

·       Irudi orokorra deskargatuta, sare sozial guztietarako baliagarria: WhatsApp, Telegram…

·       Norberak sortutakoa!

 

Mugikorra

Mugikorra aldatzekoa bazara hautatu euskaraz konfiguratu daitekeen bat. Euskal Herrian erabiltzen diren mugikor modeloen %64 jar daitezke euskaraz.

 

(Interneten ere) Lehen Hitza Euskaraz

Zure nabigazio-hizkuntza konfiguratzea eta euskara lehenestea oso garrantzitsua da. Izan ere, nabigatzailearen hizkuntzak esaten dio munduari zein den zure lehenengo hizkuntza. Zein da zurea? Euskara? Eta nola daukazu konfiguratuta zure nabigatzailea? Eta zein hizkuntzatan darabilzu mugikorra?

 

Sare sozialak

Askorentzat, plazarik ohikoena da gaur egun. Zein hizkuntzatan aritzen gara ordea? Zein hizkuntzatan daude zabaltzen ditugu estekak? Twitter, Instagram, Facebook, Youtube, Whatsapp, Telegram… gehienen bizitzetan ia ezinbesteko sareak edo aplikazioak bihurtu dira, eta plazarik ohikoenak dira askorentzat. Euskaraz egingo dugu beti?

 

Webguneak

Partaide garen elkarteen, eragileen eta enpresen webguneak. Euskaraz al daude? Zein hizkuntza lehenesten dute webgunean? Zenbatek dute .EUS domeinua?

Interneteko edukiak zein hizkuntzatan kontsumitzen ditugu. Besterik adierazi aurretik erdaretan agertzen zaizkigun webgune askotan hizkuntza aldatu eta euskara hautatu dezakegu. Bestetik, euskarazko komunikabide, joko eta informazio-iturriak lehenetsi ditzakegu.

 

Eta zuk…

… zer gehiago egingo duzu? Utzi zure ideiak iruzkinetan eta ea guztion artean gida bat osatzeko gai garen!

 

Iturriak: Lehen Hitza eta UEMA