11 trikimailu klik baten truke, artikulu honen lerroburua, adibide. Adimena garatzeko, argaltzeko, ligatzeko trikimailu bila bazenbiltzan, barkatu, ez dauzkat. Ez nik ezta beste inork ere. Baina, berriki irakurri dut Sustatun: <<Albiste bat gezurrezkoa bada, benetako bat baino %70 aldiz errazago zabalduko da Twitterren.>>

Albiste faltsuek, edukiarekin zerikusirik ez duten lerroburuek, erabiltzaile robotikoek… handi egiten dute publizitate digitalaren burbuila, dagoeneko izen abizenak dituzten teknikekin:

Clickbait

Gakoa amua da. Artikulu honen lerroburua edo askoz sentsazionalistagoak, morbosoagoak erabiltzen dira erabiltzaileak sare sozialetatik webgunera erakartzeko. Lerroburuak asmatu, sare sozialetan iragarri eta klik baten truke ordaintzen dutenagatik baino gehiago kobratzen dute albistea inguratzen duten bideo eta banerrak erakustearen truke.  
Clickbait esaten zaio estrategia honi. Eta, asko dira negozio-eredu honetan oinarritzen diren albiste-webguneak.  

Botak

Bot bat, Interneten lan errepikakorra automatikoki egiten duen programa informatikoa da; pertsona batek egiteko neketsuak, luzeak diren lanak egiten dituzte, adibidez, bideo bera 10.000 aldiz ikusi. Pertsonak simulatzen dituzten programa informatikoak dira. Sare sozialetan jarraitzaile kopurua artifizialki puzten dute, elkarrizketetan sartzen dira, eztabaidak sustatzen dituzte eta iritzi publikoan eragiten ahalegintzen dira.

Mamuak

Interneteko komunikabideen eragin gaitasuna, erreferentzialtasuna, ikusgarritasuna eta aurkezten dituzten bisitari datuak ez datoz beti bat. Badira, erritmo antinaturalean hazi eta bisitari datu itzelak aukezten dituztenak, OK Diario kasuaz idatzi zuen Revista Mongoliak.

Erabiltzaileak erosi egiten dira, irakurle hauek mamuak dira, funtzio bakarra audientzia datu onak aurkeztu ahal izatea da. Horrela, publizitate eskaintzak egiterako orduan iragarleari datu onak aurkezten dizkiote.

Burbuila

Eta, guztien artean burbuila handi bat osatzen dute, burbuila errentagarria. Izan ere, bisitariek, errealek zein robotek, bertakoek zein errusiarrek diru-sarrerak lortzen laguntzen dute.

  • Publizitatea saldu izan da tradizionalki epe tarte baterako eta kokapen jakin batean. Adibidez, komunikabide baten azalean banerra astebetez. Prezioa finkatzerako orduan garrantzitsua zen agerkari horren bisitari kopurua. Zenbat eta bisitari gehiago garestiago bannerra.
  • Azkenaldian, publizitatea, batez ere ikustaldika saltzen da, Cost-per-view (CPV). Iragarleari erabiltzaile batek iragarkia ikusi duen aldiko kobratzen zaio. Zenbat eta erabiltzaile gehiago, orduan eta diru sarrera gehiago.
  • Badaude haratago doazenak eta klik bakoitzeko kobratzen dutenak, Cost-per-click (CPC). Esango genuke, norbaitek klik egin badu interesa duelako dela, baina ez beti. Analitiketan erraz detektatzen dira segundu bateko bisitak, kalitate gabekoak.

Batzuetan pentsatzen dut munduan biztanle baino erabiltzaile gehiago dagoela Interneten. Amerikako Estatu Batuetan bakarrik 7.000 milioi dolarretako estafa. Baina, ez joan horren urrutira eta begiratu ingurura, uste baino gertuago daude botak eta mamuak. Gomendio bat, ez geratu bisitari kopuruarekin eta galdetu gehiago: nongoak dira? Nolakoak dira? Zenbat denbora egin dute webgunean? Zer ikusi dute? Erraz ezagutuko dituzu.