Akaso ez didazue sinetsiko, baina kaletik gelditu egiten naute eta itzulpen automatikoaz galdetu. Boladan dagoen gaia da, zalantzarik gabe. Adimen artifiziala, deep learning-a eta beste hitz elegante batzuekin batera, itzulpen automatikoa ere trending topic da. Eta hori horrela, sarean.eus-en argitaratzeko lehen artikuluan teknologia horri buruz hitz egiteko beharra sentitu dut; hori dagokidala.
Itzulpen automatikoa oso presente dago egunerokoan, eta ez dugu zalantza egiten etorkizuneko komunikazio-eredutan zeresana izango duenik. Hori bai, itzulpenaren problematikak hor jarraitzen du oraindik, erronka izaten jarraitzen du, eta komunikazio egokiak eta zuzenak bermatzeko, oraindik ere, beharrezkoak dira pertsonak. Horrela bai, elkarren arteko entendimentua bermatuta dago.
Honezkero izango duzue albiste honen berri: itzulpen automatikoa euskaraz ere primeran moldatzen da. Zehazki, euskara eta gaztelania arteko itzulpenak egiteko sortu diren sistemarik berrienek emaitza ikusgarriak ematen dituzte, modela.eus webgunea kasu. Primeran ibiltzeak, ordea, zer esan nahi du? Euskaratik gaztelaniara edo alderantziz itzultzeko nahikoa dugula webgune bateko botoi bat sakatzearekin?
Sistema horiek primerakoak izateak esan nahi du makina batek egindako itzulpena izateko emaitza txukuna dela. Segundo batean ematen dela esaldi baten itzulpena; irakurtzeko behar den denbora baino gutxiagoan; eta, gainera, emaitza ona dela. Perfektua? Beharbada ez, eta horretarako beharko ditugu, oraindik ere, hizkuntzaz dakien jendea, profesioz itzultzaile direnak nahiz hizkuntzak menderatzen dituzten norbanakoak.
Bestalde, sekretutxo bat ere kontatuko dizuet: itzulpen automatikoko sistemak entrenatu egiten dira. Itzulpen onak behar dira taxuzko entrenamenduak sortzeko, hots, emaitza onak lortzeko bidea egiteko.
Itzulpen automatikoaren erabilera oso zabalduta dago, batez ere, Interneten. Denon eskura dago, eta sarritan ez gara konturatu ere egiten irakurtzen ari garen edukia automatikoki sortua den ala ez. Gezurra dirudi: ez gara gai ezberdintzeko testu bat makina batek modu automatikoan sortu duen ala pertsona batek propio idatzitakoa den. Ez al da xelebrea? Atzean gelditu dira “trenen azpikogona” moduko zazpikiak, eta beste mota bateko testuak irakurtzera ohitu gara. Hori bai, radarra piztuta daukagu, eta buruak “honek automatikoki itzulitakoa dirudi” iradokitzen digu tarteka. Hori izango da testu artifiziala detektatzeko dugun adimena; eta hori izango da adimen artifizialetik bereizten gaituena.