Ene bada, adimen artifiziala…
Adimen artifiziala (ingelesezko Artificial Inteligence) gure egunerokoan geroz eta sartuago dago. Gmailek adimen artifiziala erabiltzen du, mezua idazten ari zarela, idatziko duzuna aurreikusteko. Hori dela eta, bilatzaileak emaitzak proposatzen dizkizu hainbat parametroren barruan, eta Siri/Cortana/OK Google eta tankerakoen erabilera areagotu egin da.
Zer da gutariko askok pentsatzen duguna edo pentsarazi digutena? Bada, gure nahietara aurreratzen den software horrek bere kabuz ikasi dezakeela. Horrekin lotutako adibide bat: Homepods bozgorailu adimentsuak. Honakoa zioen publizitateak: lasai lehen egunetan agindu bat eman eta ulertzen ez bazaitu, agian hilabete barru ulertuko du! Eta ez duzu ezer egin beharko!
Zer zen gutariko askok pentsatzen genuena? Bada, softwarea jira eta bira zebilela kalkuluak egin eta eragin, bere datu-basea handitzen, eta informazio nahikoa zuenean algoritmo propioa modifikatzeko gai zela. Alegia, bere burua hobetzen zuela. Bada ez, errealitatetik oso urruti dago hori.
Zer gertatzen da Alexari agindu bat eman eta makinak ulertzen ez duenean? Bada, esaldia gorde egiten duela. Ez lokalki, baizik eta Alexaren bulegoetan. Eta han pertsona batzuk audioak entzun eta berauen esanahia ulertzen dutela, eta… Click To TweetAlexa laguntzailearen ingurukoak argitu ditu Amazonek, eta horrela zenbaiten susmoa baieztatu. Zer gertatzen da Alexari agindu bat eman eta makinak ulertzen ez duenean? Bada, esaldia gorde egiten duela. Ez lokalki, baizik eta Alexaren bulegoetan. Eta han pertsona batzuk audioak entzun eta berauen esanahia ulertzen dutela, eta datu-basean informazioa gehitzen dutela. “Eskuz”, hau da, beraiek idazten dute horren esanahia. Ahoskatzeko arazoak, esamoldeak, eskaera berriak eta abar gordetzen dira bertan, eta gutxika hobetzen dira. Norbaitek “jarri Berri Txarrak” esaten badio agian ez du ulertuko; baina audio hori garatzaileari helduko balitzaio, agian moldaketa egingo luke.
Makinek (eta batez ere softwareak) ordezkatuko gaituztela entzuten jarraitzen dugu, baina momentuz urrun gaude. Izan ere, ordenagailu handi baten atzean beti dago pertsona handiago bat!