Joseba Azkarraga Etxagibelen Digital eta ekologiko, oximoron berria izeneko artikuluak piztu zidan  gogoa aztertzeko erabiltzen ditugun teknologiek dituzten energia-kontsumoaz eta kostu ekologikoaz. Zer ondorio dakarte alde horretatik nagusitzen ari diren teknologiek eta joerek? Azken finean jakina da 5G teknologiak, hodei-konputazioak eta adimen artifizialak, besteak beste, baliabide asko xahutzen dituztela.

 

INTERNET, HODEI-KONPUTAZIOA ETA 5G TEKNOLOGIA

Manex Garaiok blog honetan ondo laburtu zuen Internet erabiltzearen aztarna ekologikoa , hainbat atal aipatuz: mezularitza, bilaketak, bideo-trukea, musika eta bideo-jokoak esaterako. Aipatzen dituenen artean kezkagarrienetako bat kriptotxanponek sortzen duten aztarnarena da : Bitcoin’s annual electricity consumption adds up to 45.8 TWh.

Hodei-konputazioari dagokionez, bibliografian ez dago adostasunik, batzuen ustez konputagailu propioak ez erostean aztarna ekologikoa eta elektrizitate-kontsumoa gutxiagotzen da, egunero 24 ordu martxan eduki beharreko zerbitzariak partekatzen direlako, eta hornitzaileek minimizatzen dituztelako haien ondorio kaltegarriak. Beste batzuek, berriz, informazio-trukearen handitzean jartzen dute arreta, eta ekologikoki kaltegarritzat jotzen dute aipatutako teknologiaren erabilerak.

5G teknologiak, bestalde, areagotuko du, nire ustez, aztarna ekologikoa, eta neurri handian gainera, argi eta garbi sartzen baita gero eta ahaltsuago paradigmaren barruan: inoiz ez da nahikoa, ez dakigu ondo zertarako baina teknologiak gero eta ahaltsuagoa izan behar du. Elhuyarren egindako elkarrizketan  aipatu nuenez, osagai bakoitzaren kontsumoa, potentzia-unitate bakoitzeko, txikiagoa izango da, baina askoz osagai gehiago beharko dira eta osagai batzuk oso potentzia handikoak izango dira. Eta hori Jevons-en paradoxa (eraginkortasuna handitzeak kontsumoa handitzea dakar) kontuan hartu gabe. Beraz, klima-larrialdian gaudela sinesten badugu, mugak jarri behar zaizkio teknologia horren hedapenari. Nahikoa izan ez den arren, autoekin egin da hori; mugak jarri zaizkie abiadurari, kontsumoari eta emisioei. Zergatik ez teknologia digitalari?

 

ADIMEN ARTIFIZIALA ETA HIZKUNTZAREN PROZESAMENDUA

dimen artifizialak, eta zehazki itzulpengintza automatikoak, eragiten duen kontsumoa eta aztarna ekologikoan sakontzeko bibliografia bilatzen nengoela Energy and Policy Considerations for Deep Learning in NLP artikulu aipagarria aurkitu nuen. Bertan aurki daitezke gai horri lotutako hainbat informazio kontrastatu interesgarri:

Zientzialariok egiten ditugun ohiko jarduerek eta arloko esperimentuek eragiten dituzten CO2 isuriak (ik. Table 1)

Neurona-sareetan oinarritutako algoritmoek dakartzaten kostuak erabilitako teknikaren arabera. Artikuluan ikus daitekeenez Transformer teknikan oinarritu beharrean BERT erabiltzen badugu kostua ia hamar aldiz handiagoa izango da, eta GPT-2ren kasuan are bost aldiz handiago.

Hizkuntzaren prozesamenduko ohiko ataza baterako (Semantic  Role  Labeling) aztertzen du, nola eredu sinple batekin ebazten bada kostua oso txikia den bitartean, eredu anitzekin trebatzeak kostua izugarri handitzen duen (ik. Table 4)

Artikuluaren egileen ustetan argitaratzen diren artikuluetan kostu/etekina alderaketak on egingo lioke ikerketa zientifikoari. Hiru proposamen zehatzekin amaitzen dute: (i) ikerlariek zehaztu beharko lituzkete esperimentuetan erabilitako baliabideak eta azaldutako ereduen sentikortasuna erabili beharreko parametroei; (ii) unibertsitateetako ikerlariek ez dituzte baliabide nahikorik enpresa handietako ikerlariekin lehian aritzeko eta horri irtenbide bat eman behar zaio (hodei publiko bat aipatzen dute, baina horrek amaigabeko lasterketa bat ekar dezakeela uste dut nik); (iii) ikerlariek lehentasuna eman behar diete eraginkortasun handiko hardwareari eta algoritmoei.

Argi dago proposamen horiekin ez dela saihesten arlo honetan ere ematen ari den gero eta ahaltsuago paradigmaren gauzatzea, eta etorkizunari begira, 5G teknologiari bezalaxe, mugak jarri beharko zaizkiela etengabeko konputazio-beharrei. Hala ere, uste dut interesgarria dela arloan gertatzen ari den errealitateaz jabe gaitezen.