Ezin dugu ukatu adimen artifiziala gure garaiko berrikuntza definitzen ari dela. Labur esanda, adimen artifizialak datu heteregeneo eta masiboak (big data) ulertzen, patroiak eta tendentziak identifikatzen eta ondorioak ateratzen laguntzen digu. Gaur egun eskuragarri dauden datu aberats eta anitzetan analitika aurretatua eta ikasketa automatikoa aplika ditzakegu. Lortutako ezagutzek gizakioi erabaki geroz eta hobeak hartzen laguntzen digu, prozesuen efizientzia eta gizartearen ongizatea hobetzeko, besteak beste.
Adimen artifizialak gure eguneroko zenbait arlotan, aurrerapen azkarragoak eta sakonagoak garatzea ahalbidetzen du, eta gero eta ezagunagoak dira berrikuntza proiektu disruptiboak eta harrigarriak sare sozialetan eta komunikabideetan. Artikulu honetan, adimen artifizialaren egungo aplikazioez gain, 2023 urterako aurreikusitako tendentziez ariko gara.
Beraz, nola ari dira gure inguruko enpresak eta erakunde publikoak adimen artifiziala erabiltzen? Askotariko aplikazioak daudela ikusarazteko, hainbat adibide aipatiko ditugu jarraian.
Erakundeek digitalizatzeko erabakia hartzen dutenean, hainbat helburu bila ditzakete, hala nola, prozesuen automatizazioa, produktu eta zerbitzuen pertsonalizazioa, merkatu-joeretara egokitzea eta prozesuen efizientzia. Adimen artifizialak arlo hauetan lagun dezake:
- Datu historikoetan oinarrituta, aurreikuspenak egin ditzake. Adibidez, eskaera iragartzen, merkatuaren arabera prezio egokiak ezartzen, garraiorako ibilbide laburrenak identifikatzen eta stock-mailak optimizatzen dituzten modeloak geroz eta ohikoagoak dira. Sistema hauek datu bereizgarriez gain, beste faktore batzuk izan ditzakete kontuan, hala nola, metereologia, merkatu-tendentziak, baliabideen eskuragarritasuna eta prezioak, maileguen interes-tipoak eta lehiakideen datuak.
- Zibersegurtasuna enpresa eta erakunde askoren lehentasuna bihurtu da. Adimen artifizialaren bidez ziber-erasoak aurreikusi daitezke eta modu proaktibo batean haiei aurre egin. Gainera, iruzurrak ere detektatu daitezke, gai hau bereziki kritikoa izan daitekeelarik erakunde publikoetan eta finantza-erakundeetan.
- Efizientzia eta ekoizpena hobetzeko helburuarekin erakundeetako prozesu ezberdinetan adimen artifiziala txertatu daiteke, besteak beste, dokumentu fisikoak automatikoki prozesatuz eta progamatzaileei kodigoa idazteko erraztasunak (GitHub Copilot) emanez.
- Bezero-esperientzia pertsonalak eskaintzeko helburuarekin, gero eta enpresa gehiagok sortzen dituzte adimen artifizialeko modeloak. Youtube, Netflix eta antzerako eduki plataformek, adibidez, oso ondo ezagutzen gaituzte eta eskaintzen dizkiguten edukiak gure gustukoak izatearen probabilitatea altua izan ohi da.
- Langile eta bezeroei etengabeko (24/7) zerbitzua laguntzaile birtual baten bidez eman diezaiekegu. Gero eta enpresa gehiago ari dira chat automatikoak kanal ezberdinetan sortzen, non bezeroen galderei erantzuteko eta zenbait ekintza egiteko aukera izango duten edozein momentutan.
- Prozesu industrialetan anomaliak detektatzen lagundu dezake, akastun produktuak ahalik eta azkarren detektatuz. Gainera, mantentze prediktiboa ere egin daiteke, akats bat noiz gertatuko den iragarriz eta gauzatu aurretik konponbide bat bilatuz. Horrelako soluzioekin galerak eta lerroen geldiera denbora minimizatzea lortzen da, eta produkzio askatasuna murrizteak jasangarritasuna hobetzen laguntzen du.
Hala ere, erakunde pribatu eta publikoen jasangarritasun eta bilakaeran laguntzeaz gain, nire ustez, adimen artifizialaren aplikazio interesgarrienak medikuntzan eta gizartearen ongizatean daude. Alde batetik, medikuek begi-bistaz, esplorazio manualekin eta denbora mugatuan egin ditzaketen diagnostikoak osatu ditzake teknologiak, zehaztasuna eta diagnostiko goiztiarrak lortuz, askotan tratamendu arrakastatsu baterako ezinbestekoak direnak.
- Koronabirusaren garaian adimen artifiziala oso lagungarria izan da. Estatuko hainbat modelo sortu dira; gaixo batek ZIU (Zainketa Intentsiboetako Unitatea) behar izateko probabilitatea kalkulatzeko, edo gaitzaren olatu bakoitzean, hospitaletan zenbat ZIU ohe beharko diren jakiteko, besteak beste. Honek osasun zentroak hobeto prestatuta egotea ahalbidetu zuen. Gainera, hainbat aplikazio konbertsazional (chatbot) ere merkaturatu dira, informazioa eskuragarriago egoteko eta sintomen baheketa egiteko.
- Hainbat motatako minbizien tratamenduan ere aurrerapenak egin dira. Alde batetik, minbiziaren detekzio goiztiarrean lagundu dezake, begi bistaz mediku batek nabaritu ezin ditzakeen irudiak analizatuz eta lesio hasierak identifikatuz. Beste aldetik, gaixoaren egoeraren jarraipen zuzena egiten lagun dezake, medikua eta gaixoa konektatuz.
- Adibide gehiago, AI for Health | Microsoft AI.
Beste aldetik, berrikuntza teknologikoek gure ongizatean eta gizarte-inklusioan ere eragiten dute.
- Seeing AI aplikazioak, ikusmen arazoak dituzten personei bizitza erraz diezaieke. Besteak beste, mugikorraren kamararen bitartez ingurua eta pertsonak deskribatu, dirua kontatu, supermerkatuko produktuak deskribatu eta jatetxe bateko menua irakurtzen laguntzen du, erabiltzaileen autonomia sustatuz.
- Espektro autistan dauden pertsonen aurpegiko espresioak identifikatzen lagun dezake, eta horren arabera estimulo eta ariketa pertsonalizatuak sor ditzake.
- Itzultzaile automatikoek hizkuntza ofizialak ulertzen ez dituzten herritarrak informazioa eskuragarri izan dezaten lagun dezakete. Baliagarria da ere zeinu-hizkuntzaren irisgarritasunari dagokionez.
- Azkenik, enpresa donostiar batek sortu duen aplikazioak adineko pertsonen zainketan laguntzen du. Aplikazioa martxan dago dagoeneko.
Alabaina, ezin dugu alde batera utzi adimen artifizialak jasangarritasun-erronkei irtenbidea emateko duen gaitasuna. Hondamendi naturalen iragarpenak eta desagertzeko zorian dauden espezieak babesteko esfortzuak erraztu ditzake. Euskal Herriko proiektuak aipatzearren, 2020ko martxoan Eusko Jaurlaritzak eta Microsoftek antolatutako AI for Earth ekimena aurki dezakegu. Bi egunetan zehar, biodibertsitatearen, energiaren, uraren eta mugikortasunaren inguruko erronkak eta adimen artifizialaren soluzioak proposatu zituzten adituz, ikertzailez, eta zientzilariez osatutako taldeek. Proiektu batzuk azpimarratzearren:
- MarIA, haize-turbina flotatzaileen portaera aztertzeko plataforma, haiek ekoizten duten energia garbiaren eraikuntza eta ekoizpena optimizatzeko.
- AlonFOREST, Euskadiko pinudien gaixotasunak hobeto ezagutzeko erabakiak hartzen laguntzen duen plataforma.
- Green Cyber Rating, zibererasoek sor dezaketen koste ekologikoak neurtzeko sistema estandarra.
- Predicoa, nekazaritzan, ongarrien doikuntza optimoa lortu nahi du, lursail bakoitzean laborantzaren errendimendurik handiena lortzeko, ingurumena kaltetu gabe.
Proiektuen arrakasta ikusita, Kataluniako eta Asturiaseko gobernuek antzerako ekimenak sustatuko dituzte ondorengo hilabeteetan.
Baina, zer espero dezakegu 2023 urtean? Ba, adimen artifizialaren aurrerapen ugari espero dira, eta datuekin batera motore digital garrantzitsuena bilakatzea. Enpresek beren bezeroen esperientziak, langileen ekoizpena maila, produktu eta prozesuen kalitatea hobetzeko eta ziber-delituei aurre egiteko erabiliko dute adimen artifiziala. Eta horretarako beharrezkoak izango dituzte teknologia egokia eta ongi prestatutako langileak, lehiarako abantaila eta berrikuntzarako gaitasuna mantentzeko.
Teknologiari dagokionez, batez ere hizkuntzaren prozesamendu sofistikatuan (ChatGPT da azken berria) eta irudien sorkuntza sintetikoan (DALL·E 2, Craiyon, Latent Diffusion) aurreikusten da garapen handiena. Baliteke komunikabideetan hauen berri entzun izana dagoeneko, izugarrizko aurrerapenak dakarzkite-eta. Proba itzazu zuk zeuk eta ziur nago harrituta geratuko zarela!