Euskarak urrats handiak eman ditu azken urteetan adimen artifiziala erabiliz. Hizkuntza erremintak garatuz, erabilera ere hala moduzkoa da. Eusko Jaurlaritzak sustatu duen ITZULIk, erabilera zabala du, ehundaka mila sarrera egunero eta mundu zabalean ere aski erabilia da.
Gaur bertan jakin dugu Eusko Jaurlaritzak 1,6 milioi eurotako diru laguntza eman diola EHUko HITZ zentroari hizkuntzen teknologian ikerketa eta garapenean inbertitzeko.
Testuen itzulpenean edo/eta ahotsaren sintesi eta transkripzioan aurrerapauso handia ematea lortu dugu gure hizkuntzan, baina euskarak badu beste erronka bat: adimen artifizial sortzailea. Adimen artifizial sortzailea deiturikoaren garapenean, eduki originalak (testuak, bideoak, audioak…) sortzeko aukera dago, datu ugari oinarri hartuta. Arlo horretan lehiatzen dira, besteak beste, enpresa teknologiko erraldoiak, OpenAI Microsoftekin, Google. Amazonek ere ez du atzean geratu nahi adimen artifizialaren negozioa menderatzeko lasterketan. Erraldoi teknologikoak astelehen honetan iragarri duenez, 4.000 milioi dolar (3.772 milioi euro inguru) inbertituko ditu adimen artifizialean espezializatuta dagoen eta ChatGPTrentzat lehiakide bat garatzen ari den Anthropic startup estatubatuarrean, negozio-ereduak garatzeko lankidetza “zabalago” baten parte gisa. Esaten dute OpenAIk egunero 700.000 eurotako gastua duela. Zer egin lezake euskarak erraldoi hauen artean?
Microsoftek Windows 11ren lehen bertsioa kaleratu du, Copilot barne, erabiltzaileei lagunduko dien adimen artifiziala sortzailea, iraultza suposatuko duena. Orduak eman beharrean aurkezpen bat prestatzen, Copilotak di-da batean eta txukun prestatuko dizu aurkezpena. Eta ez azken erabiltzailearentzat bakarrik, Copilot adimen artifizialean oinarritutako laguntzailearekin kodea denbora errealean idazten lagunduko dizu. GitHub 2021eko erdialdean hasi zen sistema hori erakusten, eta pixkanaka garatzen eta hobetzen joan da.
Laguntzaile honek kodea iradokitzen dizu, garatzen ari zaren programa bat osatzen jarraitzeko. Horretarako, orain arte idatzitakoan oinarritzen da Copilot, ondoren zer egingo duzun “asmatzeko”. Programatzaileon produktibitatea nabarmen haziko da.
Mundu berri honetara egokitzea tokatzen zaigu. Lortuko dugu?