UEUren udazken honetako eskaintzan dagoen “Ordenagailuakprogramatzen txiki-txikitatik” ikastaroa ematen ari naiz. Bertan programazioaren oinarrizko kontzeptuez gain, pentsakera konputazionala deritzona aztertzen ari gara. Pentsakera konputazionala, uztailean zendu berri den Seimour Papert matematikari, informatikari eta hezitzaileak izendatu zuen lehen aldiz 1980. urtean. Ondoren, 2006. urteko Jeannette Wing-en artikulu honen ondorioz definizio hau eman zaio: konputagailu batek (gizaki zein makina) problema baten ebazpena(k) lortzeko moduan izan dadin, problema hori formulatzeko eman behar den pentsatzeko prozesua adierazten da pentsakera konputazionala.

Informatikari bat bezala pentsatzeak konputagailu bat programatzea baino askoz gehiago da. Abstrakzio maila anitzetan pentsatzea eskatzen du.

Esan zuen Wing-ek artikulu horretan.

Eta zer da ba abstrakzioa delako hori? Nire ikasleen harridura eragin duen ariketa erabiliko dut adibide gisa. Ariketa Code.org-ko ariketa multzotik aterata dago eta honakoa planteatzen du:

Abstrakzioa

“mugitu (aurrera/atzera)” eta “biratu (eskuinera/ezkerrera)” dira gure artistak mugitzeko dituen aukerak. Zirkulu bat marrazteko pixel 1 aurrera eta gradu 1 eskuinera eginez gero 360 aldiz, 360 gradu osatuko ditu eta horrela zirkulua marraztuko du gure artistak.

Noski, hau zirkulu baten ABSTRAKZIO bat da. Beharrezkoak ez diren hainbat detaile baztertu egin dira eta bakarrik eskura zeuden baliabideekin marraztu da zirkulua. Egia esanda 360 aldeko poligono bat da, baina gure begiak ez dira gai hori antzemateko. Are gehiago, beste kode honek 8 pixeleko 45 aldeko poligono bat marrazten du. 360 aldeko poligonoa ikusteko sakatu hemen eta 45 aldeko poligonoa ikusteko hemen. Desberdintasunik ikusten al duzue? Abiaduran ez bada, esango nuke denok egongo zaretela nirekin ados marrazkian ez dagoela desberdintasunik. Baina gauza bera marraztu badu, zergatik horrelako aldea abiaduran? Bada lehenengoak 720 mugimendu egin behar izan dituen lekuan bigarrenak 90 mugimendu besterik ez dituelako egin behar izan.

Hau guztia pentsatu izanak ez dauka informatikarekin zerikusirik, baina pentsatzeko modu hau oso garrantzitsua da informatikan aritzeko. Konputagailu bat ez da edozer gauza egiteko gai eta bere funtzionamenduak ezartzen dituen mugak abstrakzio mailak ezartzen ditu.

Abstrakzioa modu askotara landu daiteke, mapekin, musika pieza egokituekin, eta modu argiena, matematikaren bidez. Horregatik esaten dugu hainbestetan informatika ikasteko beharrezkoa dela matematiketan ongi aritzea. Izan ere, ideia bat formula matematiko baten bidez adierazteko kapaz dena abstrakzio gaitasun handia dauka eta hori behar beharrezkoa da informatikan eta beste arlo askotan ere. Beraz, LANDU DEZAGUN ESKOLAN ABSTRAKZIOA!!!