Pandemiak gure egunerokotasunaren inertzietan errotik eragin du: lan egiteko moduetan (lanpostua mantentzeko aukera izan duenarentzat), garraioen arteko aukeraketan, erosketak offline egitetik online egiterakoan, eta guztietan, agian, aldaketarik nabarmenena dena; gizaki sozial garen heinean gure harremanak sarera eraman ditu eta horiek pantailetan proiektatu.
Hiritar bakoitzak bere bizitzan egin duena batu ezkero, hiria bera nola aldatu den ohartuko gara: agian lazgarriena espazio publikoaren hustuketa gertatzea izan da, eta ondorioz, etxeetan gure bizitza pribatu eta publikoaren arteko muga lausotuz joan dela ikustea da. Horrek, jakina, ondorio zuzenak eragin ditu gure Euskal hiri eta herrietan.
Bitartean, pandemia aurreko urteetan batez ere, gure hiri-herrietan zenbait ‘laborategi’ ereiten joan dira, xume, agian ia oharkabean hanka-puntetan igaroz, iskanbila asko sortu gabe. Europako txoko askoren isla, sororik soro, Living Lab-ak izan dira, esperimentaziorako sortu den terminoari men eginez. Laborategi horien helburua herriarekin zerikusia duten hainbat alorretako erabaki politikoak demokratizatzea da. Adibidez, turismo, ekonomia, ingurugiroa, jasangarritasuna, osasuna, hezkuntza, edota urbanismoarekin lotura duten erabakiak. Laborategi bakoitzak forma eta egitura propioa du, eta kasuan kasu aztertuz gero, esperimentazioa da euren arteko lotura.
Euskal Herrira bueltatuta, horietako bat aipatzearren, ZumaiaLab izan daiteke. ZumaiaLab, Zumaiako Udalak 2017an abiaturiko herritar eta eragile anitzekin burutako prozesu xume baina sakona izan zen. ZumaiaLaben xedea, Zumaia herriko Turismo Plana 2018-2020an aktiboki parte-hartzea izan zen. ‘Laborategi’ hitza arraro suertatzen bazen ere, prozesua, action research bidez harilkatu zen, bertako eragileen parte-hartzea bermatuta, eta zehatzago, hiritar eta eragile askoren motibazio, ikuspegi, eta errealitatearen interpretazioa kontuan hartuta.
Pandemiaren ostean, areagotu eta erakundetu egin da ‘laborategia’ edo denari ‘lab’ izendatzeko joera, gizarte berrikuntza antza jomugan. Baina zer dira, zergatik, eta zertarako erabili behar dira ondo ‘lab’ horiek? Laborategiek teknologiaren prototipatzearekin dute lotura zuzena. Hala ere, eta hemen akats nabarmenena egiten da sarritan, teknologiak eta garapen teknologikoen obsesio soluzionistek sarritan ezabatu egiten dituzte atzean ematen den prozesu sozio-teknikoa. Eta hori ere ‘lab’ horien garapenerako ataka nagusia izan da. Gizarte zientzietatik aski ezaguna izaten da diagnosi hori.
Agian gomendio batzuk egitea egokia litzateke, iraganeko esperientziak gidari izanik:
- Laborategiek, ezinbestean interes-taldeen edo stakeholder-en identifikatze zabal bat behar dute.
- Sarritan, bote publikoetatik, eta zehatzago, alderdi politiko/politikari batzuen tentazioa izaten da, irizpide partidistetan oinarrituz, laborategien dinamika eta zeinek parte-hartzen duen aurrez erabakitzea; alegia, gidatua eta aurrez-erabakitako prozesua izan daiteke kasu batzuetan (lab-washing bezala ezaguna den fenomenoan eroriz).
- Prototipatzea laborategien erdigunean egonik, oso kasu gutxi daude (Europa eta munduan), funtzio hau modu egokian erdietsi duten esperientzietatik.
- Prototipoak egun digital twin deritzaion errepresentazioarekin egiten ari da zenbait kasuetan (kasu Nazio Batuen erakundeak berriki Hamburgon eratu duen sarea, UNITAC moduan ezaguna, hiri-teknologia azeleradore gisa bezala ulertua).
- Goitik behera eta behetik gorako frikzioa beti egongo da lab-etan, helburua ez da bat besteari gailentzea, baina bai biak aldiberean, gatazka ekidin gabe, kudeatu eta erreztea.
- Erabiltzen den teknologiaren jatorria eta ekoizpen-katea sakonki ezagutzea, erabilera bera bezain garrantzitsua izaten da.
- Baina seguruenik akats nagusiena, arazoen definizio zehatz eta egokiaren aurretik laborategien egitekoa zein izango den aurre-definitzea da.
- Eta azkenik laborategiek ez dute irudimen ideologiko edo ameskeri bat azaldu behar, laborategien helburua, dagoena, bere horretan (gauza on eta txarrekin), bere gordintasunean, errealitateak erakutsi moduan, azaltzea eta azaleratzea da. Sarri joera bat dago, dena irtenbide eta soluziobide azkarren pean jartzeko, norberaren ikuskera zilegituz, benetan komunitate zabala azalduarazi gabe. Komunitatea komunitaterik gabe, lorerik gabeko lorategia litzateke. Laborategiak ideiak eta prototipoak lehian baino egokitze prozesu sozio-tekniko gisara ulertzea komenigarria litzateke beraz.
Guzti horrekin, pandemia, lurrikara handi bat izan bada ere gure bizitzetan, laborategiko pentsamendua garapen bidean jarri ditu gure pertzepzio eta adimenak. Erabiltzea gure baitan dago; ez erabiltzeak, Bruno Latour-rek (2005: 245) ondo baino hobe jaso zuen moduan, hondamendira sistemikora eraman gaitzake (etenik izango ez duen arrisku global pandemiko jarraia den garaiotan).
Mundua ez da ebidentziez jositako kontinente zurrun eta solido bat, laku ziurgabe gutxi batzuen inguruan; aldiz, ziurgabetasunaren ozeano bat da mundua, forma egonkor eta kalibratutako irla gutxi batzuk dituena.