Irakurle estimatua: Sarrera hau agertu orduko izan liteke bere edukia zahartuta egotea. Horrela izatekotan, espero dezagun izenburuaren atzetik datorren galdera ikurra erantzun argia edukitzea: EZ. Bostgarren belaunaldiaren atzetik guda teknologikorik ez. Ez naiz ez guda zalea, teknologikoa edo bestelakoa…. Gila, agian Gilak egindako guda txantxak bai. Ara, harremana badago eta!
“Etsaia al da? Guda gelditu al duzue?….”
Gila jatorrak erabiltzen duen telefonoa ez da ez 5G bat, baina antzekotasunak egon badaude. Goazen ikustera:
- Etsaiak: Alde batetan Estatu Batuak, FAGA Holding: Facebook – Apple – Google – Amazon eta bestelakoak (Qualcomm, Intel, Microsoft eta abar). Bestean Txina Corporation (Huawei, ZTE, Tencent, Baidu, Xiaomi..).
- Zer dago jokoan: Etorkizuneko negozio digitala, eta bereziki 5G lidergoa.
- Zergatik 5G teknologia? Erantzun “labur” bat:
Bostgarren belaunaldiko protokolo eta plataforma mugikorrak aldaketa ederrak dakarte.
a-Banda zabala mugikorra: Ez dago iraultzarik, eboluzio bat dago. 3Gko 384 Kbps-etik 4Gko 100Mbps-tara pasatu gara, eta 5Gk, berriz, 10Gbps-tara garamatza. Horrek 5G zuntz optikoaren magnitude maila berean kokatzen du.
b- Banda estua: Estua? Bai! Protokolo berdinetan bi erabilerak. Bigarrena, IoT-rentzat 5G eskaintzen duen interesari erreparatuz, belaunaldi berriaren abantaila nagusienetako bat abiadura txikiko transmisioak kudeatzeko aldaketan egongo da.
c- Estimulu-erantzuna denbora: Estimulu baten eta sortzen duen erantzunaren artean gertatzen den denbora izendatzeko ingelesez “latency” hitza erabiltzen da. Zer da ba 5G belaunaldiak dakarrena? Estimulu-erantzun denbora txikiak, benetan txikiak. Batzuen arabera “tactile internet” garaia dator aldaketa honekin.
d- Dentsitatea: IoT hedatze masiborako oso interesgarria den beste ezaugarrietako bat objektuak konektatzeko gaitasuna da, aurreko belaunaldiek baino askoz ere gehiago dentsitatea handituz.
e- Energia: Eragina edukiko al du 5G gure efizientzia energetikoan ? Tamalez gutxi, sakelekoak gero eta energia eskaera handiagoak bait dituzte. IoT munduan aldiz hobekuntzak datoz, eta horrek negozio eredu berriak sortuko ditu.
f- Azpiegiturak: 5G teknologien aldaketak telekomunikazio azpiegituretara zabaltzen dira. SDN (software bidez zehaztutako sareak) , NFV (sareko funtzio birtualizazioa), Edge eta Fog computing (ertzean edo ertzetik gertu egiten den prozesamendua)…
g- Zibersegurtasuna eta sarearen erresilientzia: Zibersegurtasunaren gaia zentralitatea lortu du 5G diseinutan. Hala ere edozein sare, arkitektura eta sistema multzo moduan zibersegurtasuna eta erresilientzia ziurtatzeko beharrak agerikoak dira.
Beraz, non dago gakoa? Hiru arlotan.
- Mugikorren “ohiko” negozioa. Bai, dirutzak eta dirutzak. Aurretik doana, bingo. Momentuz hemen etsaiak Gilaren guda protokoloa jarraitzen dute eta orain arte benetako lagunak izan dira.
- IoT, gauzen Interneta. 5G teknologiak erabilera berriak sustatzeko gaitasuna dauka, eta hemen negozio berrietaz hitz egiten ari gara: Autogintza, fabrikazioa, mugikortasuna, hiria, osasuna… Hemen irabazle argirik ez, baina Txinak badauka aldeko faktore bat: Munduko fabrika bihurtu da.
- Jabego industrial eta intelektualaren defentsa: Espiotza eta lapurketa ohikoa da. Orain arte antza Estatu Batuarrak nagusi, baina aldaketa bat egon liteke.
Azkenekoa Huawei – Google arteko talka da, baina lehengo atala baino ez da izango. Azken finean Google kezkatuta egon behar da. Huaeweik bi irtenbide ditu, biak balekoak?
- Txina, India, Errusia eta fabore dituen merkatuetan bere sistema eragilea zabaldu (Kirin OS?). Arazorik ez. Agur Google merkatu horietatik.
- Android “estandarra” zabalduta dagoen merkatutan (Google kontrolatutakoa) Android berezia erabili, Amazon berak AOSP baliatuz FireOS sistema eragilearekin egin duen moduan. Google Play, Youtube, Gmail eta horrelako zerbitzuak galtzen dituela? Bai, arazoa, baina Google be ikaratuta egon behar da. Android fragmentazioa, kezkatzeko asuntoa.
Trump-ek AC/DC entzun ondoren “Huawei to Hell” abesten ei dabil Etxe Zurian. Ez dakit ba… Lannister itxura hartzen diot. Gila, itzuli mesedez!