1990. urtean telefonia mugikorra merkaturatu zenetik,  etengabeko eboluzioa jasan du mugikorren arteko komunikazioetarako teknologiak; GSM edo 2G, GPRS edo 2.5G, UMTS edo 3G, HSPA edo 3.5G, eta gure artean egun hedatzen ari den 4G-LTE. Baina bere aurrekariek ez bezala, 4G-LTE teknologiak zer esan ugari eman du. Erabiltzailearen ikuspuntutik benetako abantaila suposatzen al du teknologia honek? Edo marketinaren trikimailu bat da?

Argi dago 4G-LTE teknologiak bere aurrekariak baina abiadura handiagoa eskaintzen duela mugikorretan, eta iragarki guztiek hori azpimarratzen dute; Bere aurrekaria den HSPA edo 3.5Ga baino 10 aldiz azkarragoa dela jakina da eta bereizmen handiko pelikula bat mugikorrera jaisteko 13 minutu inguru behar direla ere ezaguna dugu.

Zergatia teknologian dago. LTE–ingelesezkoLong Term Evolutioneko laburdurak  50Mbpsetik 300Mbpsko abiadura eskaintzera heldu daitekeen telefono mugikorrentzako haririk gabeko komunikazio estandarra dela delako( 3GPPk esana). Hain zuzen ere, gaur egun Euskal Herriko etxe gehienetan daukagun banda zabaleko konexio finkoaren parekoa da.

LTE-Logo

Baina estandar horren atzean hobekuntza teknologiko gehiago ezkutatzen dira, erabiltzailearen esperientzia hobetzen dutenak, eta artikulu honen bidez aireratu nahi ditugunak.

Egun, Interneteko munduan murgildurik aurkitzen garen aroan, IP zerbitzuak nagusi dira. Sare sozialak erabiltzen ditugu, bideoak eta musika zuzenean streaming teknologia erabiliz kontsumitzen ditugu, SMSen ordez Whatsappa erabiltzen dugu, eta bideokonferentzia eskaintzen duten aplikazioak gero eta hedatuagoak daude. Ingurune honetan, 4G-LTE teknologiak beste abantaila bat eskaintzen digu; komunikazioak erabat IP –Internet Protokolo– suertatzen dira muturretik muturrera, zerbitzu horiek guztiak erraztuz .

Gainera,  LTE-ko sarearen egitura oinarri-estazioez –evolved NodeB (eNB) – soilik osaturik dago, eta sarearen adimena horrela garatu da, beste elementurik erabili gabe. Sarearen osagaien sinplifikazio horrek konexioen ezartzea azkartzen du, eta aldi berean latentzia hobetzen du. Latentzia edo atzerapena, informazio pakete batek sarearen puntu batetik bestera heltzeko behar duen denbora. Eta parametro hori konexio beraren abiadura baino garrantzitsuagoa izan daiteke zenbait zerbitzuetarako; adibidez,  zuzeneko emanaldietan, bideokonferentzietan edota onlineko bideo-jokoetan.

Azkenik, 4G-LTEk eskaintzen duen efizientzia-espektralari esker beste bi abantaila antzeman ditzakegu. Batetik, komunikazioak azkarragoak baldin badira ere, bateria gutxiago kontsumitu ohi dute mugikorrek. Bestetik, estaldura txarragoa izanagatik, mugikorrean datuen abiadura ez da proportzio berdinean murrizten, eta estaldura marra pare batekin abiadura altu-altuak manten ditzakegu mugikorrean.

Efizientzia-espektral hori, sarbide sarean erabiltzen den OFDMA–Orthogonal Frecuency Division Multiple Access– sarbide-metodoari esker lortzen da. Metodo hori OFDMren erabiltzaile aunitzentzako moldaketa bat da, zeinean erabilgarri dagoen banda zabalera banda estuko uhin-garraiatzaile askotan banatzen duen, igorritako seinalearen optimizazioa lortuz.

Artikulu honetan bildutako hobekuntza teknologikoak ikusirik, zalantzarik ez dago 4G-LTE teknologiak hobekuntzak eskaintzen dizkigula erabiltzaile bezala, baina abantaila horiek baliatze aldera, gure bizitza digitalak garrantzia handia izango du; gero eta bizitza digital aktiboagoa izan, orduan eta etekin handiagoa aterako baitiogu teknologia berri honi.

Irudia | Flicker