Gaur egun mugikorretarako aplikazioen erabilera oso zabaldua dago, aplikazioak telefono adimentsua daukaten pertsona guztiek erabiltzen dituzte. Mota guztietako aplikazioak daude eta edozertarako lagungarria izan daiteken aplikazioa erraz aurkitu dezakegu.

Aplikazio kopurua abiadura handian hazten da, edozeinek izan dezake aplikazio bat sortzeko ideia interesgarri bat eta berak garatu edo garapena kontratatu dezake, mundu guztiarentzat eskuragarri jarriz.

Arrakasta

Prozesu hori egin eta arrakasta izan duten aplikazioak asko dira eta denek ezagutzen ditugu. Aplikazioa sortu baina lehen arrakastatsuak ziren enpresa edo zerbitzuak ez ditut talde honetan sartuko, ezer ez izatetik arrakasta lortu dutenak aztertu nahi ditut eta hauetatik burura etortzen zaidan lehenengoa Whatsapp da.

Ohikoa da mugikor berria estrenatzen den momentuan instalatzen den lehenengo aplikazioa Whatsapp izatea eta horregatik 1.000 miloi erabiltzailetik gora dituen aplikazioa oso ezaguna da gure artean.

Aplikazioaren sorrera imajinatzen badugu, modu azkarrean, aplikazioaren sortzaileek Internet bidez mezuak bidaltzeko aplikazioa sortzeko ideia izan zutela pentsatu dezakegu. Horrela ikusita ideia oso basikoa dirudi eta ez da oso orijinala. Ez al zuen lehenago inork ideia hori izan?

Lehenengo iPhone-a 2007ko ekainean kaleratu zen eta 2009ko ekainerarte Apple-k ez zituen PUSH jakinarazpenak sortu. Hori jakinda, ez da hain bapatekoa iPhone-aren lehenengo bertsioetan Internet bidezko mezuak bidaltzeko aplikazio batean pentsatzea.

Historia

Whatsapp aplikazioa ez zen mezuak bidaltzeko sortu, erabiltzaileen artean bakoitzari buruzko egoera testuak erakusteko sortu zen. Ideia orijinalean Whatsapp-eko sortzaileak, Jan Koum-ek, arazo bat ikusi zuen telefono mugikorrera sartzen zitzaizkion deiekin. Bere adibidean, hegaldi bat hartu behar bazuen edo atzerrian bazegoen, ez zuen inork bere mugikorrera deitzea nahi, berak ezin zuelako dei hori hartu. Bere soluzioa, bakoitzak bere egoera testua sortu eta bere kontaktuekin elkarbanatzea zen, horrela, denek jakingo zuten nun zebilen eta ezingo zituela deiak erantzun.

Hori lortzeko Whatsapp aplikazioa sortu zuen eta erabiltzaileek, gaur egun bezala, aplikazioa instalatu eta Whatsapp-a instalatuta zeukaten beren kontaktuen egoera testuak ikusteko aukera zuten.

whatsapp status

Aplikazioak ez zuen harrera ona izan, ez zen batere erosoa norbaiti deitu baina lehen Whatsapp-era sartu, bere egoera ikusi eta horren arabera deitzea. Aplikazioa 2009ko urtarrilean publikatu zuten lehenengoz eta aurreneko hilabete horietan jasotzen ari ziren erantzuna ikusita, proiektua bertan behera uztea ere pentsatu zuten.

Lehen aipatu dudan bezala, 2009ko ekainean Apple-ek PUSH jakinarazpenak atera zituen eta Whatsapp-eko lantaldeak, hauen integrazioa bere aplikazioan txertatzea erabaki zuen. Jakinarazpen hauekin aplikazioa instalatuta zeukaten erabiltzaileen kontaktuek  jakinarazpenak jasoko zituzten hauen egoera testu aldaketa bakoitzarekin. Beraz, erabiltzaileek egoera aldatzen zuten bakoitzean, egoera horren testuarekin jakinarazpen mezua bidaltzen zioten bere kontaktu guztiei.

Honek aurrera pauso handia suposatu zuen Whatsapp aplikazioarentzat, eta ez erabiltzaileek bere kontaktuen egoera testuak momentuan jasotzen zituztelako. Aplikazioaren erabiltzaileen artean egoera mezuak maiz eguneratzen hasi ziren, ez egoera adierazten, baizik eta beraien artean hitz eginez. Egoera testuak ez ziren “Bilduta nago, ez deitu mesedez” motakoak, egoera mezu hauek “Kaixo, zer moduz?”, “Nola zaudete?” edo “Gaur berandu jeiki naiz” motakoak izaten hasi ziren.

Momentu horretan, PUSH jakinarazpenak atera berri zeudela, ez zegoen mezuak Internet bidez bidaltzeko aplikaziorik eta horretarako erabiltzaileak Whatsapp aplikazioa erabiltzen hasi ziren. Aplikazioa merkatuan zuten eta erabiltzaile gutxi zituzten arren, bazuten funtzionalitate “extra” hori erabili nahi zuen jende nahikoa, hortik aurrera erabiltzaileak hazten hasi ziren.

Eraldaketa

Whatsapp-ek hau ikusi zuen, aplikazioa horretarako moldatzen hasi zen eta “Chat” aukera eskaini zuen. Hortik aurrera etorri ziren finanziazio errondak, Business Angel-ak, erabiltzaileak barra-barra eta azkenik Facebook 21.800 miloi dolarreko erosketa proposamenarekin.

Leku eta momentu egokian zeudenak izan ziren, zortea ere izan zutela esan beharra dago, baina erabiltzaileen beharretara azkar eta ondo moldatzeko gaitasuna izan zuten. Hasieran izan zuten ideia ez zen arrakastatsua izan, baina honekin argi ikusten da erabiltzaileek egiten dutena ikusi eta horren arabera moldatzen jakitea oso garrantzitsua dela aplikazioen mundu honetan.

Aplikazio berriak merkatura funtzionalitate basikoekin ateratzeko estrategia oso ona da, erabiltzaileen beharrekin kontaktuan jarri eta aplikazioa eguneraketa maiz eta praktikoekin bizirik mantendu.