Duela oso aste gutxi iritsi zen Librezale bere adin nagusitasunera, isilka-isilka iritsi ere. Teknologia eta askatasuna maite ditugun euskaldunok lau haizeetara zabaldu behar dugun albistea. Uste dut, urrun dagoela taldearen lehen asanblada, eta pentsatzen dut euskararentzako software libreak eta software librearentzako euskarak zuten elkarrekiko beharraz hausnartu ondoren iritsi zela lehen pausu hori. Argi dago denborak arrazoia eman diela.

“Pentsatzen dut” idatzi dut, izan ere, ez nuelako lehen asanblada horretan parte hartu. Urte batzuk geroago, hack.in #badakigu sortu genuenean, hasi zen nire harremana Librezalerekin. Ordutik taldearen bilakaera bikaina iruditu zait. Orain askoz gehiago dira euskarazko software librea erabiltzen duten pertsonak, eta urte hauetan egin diren lokalizazio proiektuak ere asko dira eta, gainera, itzultzera animatzen diren pertsonak ere, geroz eta gehiago dira. Ez da ahaztu behar denbora honetan guztian Librezalek etengabe birpentsatu behar izan duela bere burua, eta uste dut une bakoitzera egokitzen ikasi duela.

Librezalek bi gauza garrantzitsu lortu ditu denbora honetan guztian (gehiago lortu ditu, baina, hala ere, idazteari utzi beharko diot momenturen baten): batetik, euskal gizarteari erakustea ez dela beharrezkoa diru-laguntza jaso arte itxarotea softwarea itzultzeko, eta, horri lotuta, itzulpen horiek modu osatuan egin daitezkeela asanblearioki, bikaintasun osoz eta administrazio publikoaren zain egon gabe. Azken hau, niretzat, oso garrantzitsua da, itzulpenak egiteko administrazioa itxarotea erabaki izan balitz, gaur egun ez genuke martxan dagoen ekosistema oparo hau martxan izango. Ziur nago itzulpenen kopurua ere askoz eskasagoa izango litzatekeela. Librezalek lortu duen bigarren gauza, niri behintzat, asko kezkatu nau azken urteotan software librearen mugimenduaren baitan: tekla zuzena aurkitu eta belaunaldi-erreleboa egiteko gaitasuna aurreikusten diot. Software librearen eredu teknologiko eta politiko askatzaileen alde lan egiten dugun kolektibo askok, hacklabek, GNU/Linux taldeek… ez dugu hori lortzen jakin izan (behintzat ez oso-osorik, begi bistakoa delako batzuk desagertu egin garela). Eta horrek ere asko adierazten du Librezaleren alde.

Uste dut ez garela kontziente zein garrantzitsua den Librezale, ez bakarrik software librearentzat, baita euskararentzat ere. Euskarak informatikan eta, oro har, teknologian sartu behar zuen, eta, zalantzarik gabe, Librezale izan da euskarari merezi duen lekua emateko aukerak eskaini dituen faktore aitzindari garrantzitsu horietako bat. Gaur, nahi duenak, teknologiarekin duen harremana euskaraz landu dezake bere osotasunean.

Euskaltzale guztiok eskerrak eman beharko genizkioke Librezaleri. Nik behintzat zuzena dena egin nahi dut: eskerrik asko, Librezale, bihotzez, teknologiarekin dudan harreman linguistikoari buruz hausnartzeko aukera eman didazulako, eta gaur egun artikulu hau %100eko sistema eragile libre eta euskaldunean idazteko aukera eskaini didazulako. Ez da gutxi eta beste horrenbeste dago egiteko. Beste horrenbeste urteren bila!

Gaurkoa bukatzeko, Librezalen famatua den hau neure egin nahi dut:

Izan libre, izan euskaldun.