Ezin uka dezakegu Internet mugikorraren sinonimo bihurtu dela, eta WhatsApp-a gaur egun gehien erabiltzen den berehalako komunikazio sistema pertsonala dela. 2015eko datuen arabera, egunetik egunera hazten jarraitzen du eta 900 milioi erabiltzaile ditu dagoeneko. Gaur egun arte, bere erabilgarritasuna esparru pribatuarekin lotuta egon bada ere, zergatik ez da enpresentzako marketin tresna gisa aprobetxatzen?

Google Trends-en (joerak aztertzen laguntzen duen Googleren doako tresna) datuak aztertuz Instagram, Snapchat eta WhatsApp sare sozialek gorako tendentzia etengabea dute, Facebook, Youtube eta Twitterretik oso urrun gelditzen diren arren.

 

trends

Datu hauek adinaren arabera segmentatuz gero, gazteen artean Instagram eta Snapchatek joera positibo askoz nabarmenagoa duela ikus dezakegu, horren ordez WhatsAppen erabilera adin tarte guztietan hazi da eta ez gazteen segmentuan soilik. WhatsApp erabiltzeko aukera da gaur egun smartphone bat erostera eramaten gaituen arrazoietako bat.

Horren adibide dira irrati lehiaketak; gero eta ohikoagoa da parte-hartzea WhatsApp bidez bideratzeko joera (SMS edo mezu elektroniko bidez egin beharrean). Telefono mugikorra komunikazio tresna nagusia bilakatu al da? Sektore honetako erregeak (Google eta Facebook), aspaldi ohartu ziren horretaz eta jadanik, mugikorreko zenbakia eskatzen dute (gure segurtasunaren babestearen aitzakiarekin).

Enpresa asko ez dira oraindik ohartu zifra hauek dakartzaten aukerekin, marketin adituek ordea newsletter tradizionalen ordezko gisa ikusten dute. Baina WhatsAppa ez dago newsletterrak bidaltzera soilik bideratuta: eskaintzak, promozioak, audio edo bideo formatuko edukien bidalketa, bezeroaren arreta, galderak erantzutea, etab. egiteko aukera ere ematen du, betiere bezeroarekiko gertutasuna adieraziz.

WhatsAppen publizitatea egitea ahalbideratzen duten produktuak (Whatsimple, etab.) agertu dira azkenaldian, baina WhatsApp Facebookek eskuratu duenez, laster ikusi ahal izango dugu nola seguruenik publizitate kanal propioa sortuko duten.

WhatsApp bidez marketina egin ahal izateko beharrezkoa da enpresa gisa transmititu nahi den irudian oinarritutako marketin estrategia bat garatzea, ala nola erabiltzaileentzat baliotsua den edukia sortu beharko da hauen interesa eta jakin mina piztu ahal izateko eta SPAM gisa kalifikatuak ez izateko. Bidalketak aldizkakoak izango dira, izan ere kontuan izan beharra dago, mugikorraren bidezko mezuak erabiltzailearen espazio pertsonalean sartzen direla. Hori dela eta, erabiltzailea ez nekatzen eta datuen babesaren legea errespetatzen saiatu beharra dago.

WhatsAppek marketin tresna gisa funtziona dezakeela uste duzu? Zergatik ez gara orduan, beste komunikazio kanal tradizionalagoekin batera WhatsApp erabiltzen hasten?