Ia hiru urte igaro dira egun zirraragarri hartatik: ICANN erakundeak .EUS domeinua onartu zuen eguna. Berria lau haizetara zabaldu zen. Bakarrik zabaltzen den berri horietako bat zen. Oihartzuna berezko duena. Eta proiektuak irabazitakoa ere bai.

Urte asko nolabaiteko isiltasunean eman genituen. Bagenekien prozesua luzea izan zitekeela. Are, ezin genezakeen bere arrakasta bermatu. Ilusioa kudeatzen ikasteko balio izan zidan niri. Nire ilusioa, lantaldearena eta baita .EUS domeinu erreal bat maiteko zutenena ere. Isiltasuna estrategia bat zen. Eta nago, horrek ekarri zuela oso noizbehinkako gure ahotsa are ozenago entzutea.

Astebete beranduago ospakizunerako tartea hartu genuen. Baina ez zen proiektuan lanean jardun genuenon jai bat izan. .EUS domeinua izango zenaren entsegu bat egin nahi izan genuen. Ospakizuna zabaldu. Eta partekatu. Hor lortu genuen lehen argazki plurala (instituzionala eta komunitatearena). Euskaltzaindiak “.eus domeinua, denon lorpena, denon ospakizuna” izenburupean laburtu zuen. Nik, hurrengo eguneko nire Gara-ko kolaborazioa baliatu nuen proiektuaren gako batzuk mahai gainean jartzeko: www.elkarrekin.eus. Hitz hauek jarri nituen, besteak beste:

“.EUS domeinuak badu zerbait berezia. Badu zerbait, beste ekimen batzuekin gertatzen den moduan, aniztasunean baina elkarlanean aritzera bultzatzen gaituena. Barnean biltzen du sentimendu orokor bat, .EUS ulertzeko modu ezberdinak egon daitezkeela oinarri hartuta. Batzuentzat .EUS euskara da. Besteentzat, Euskal Herria. Beste batzuentzat, Euskadi. Batzuentzat, informatika hutsa. Beste batzuentzat, marka enpresarial bat. Eta beste zenbaitentzat, Interneten soilik dagoen euskararen txokoa. Baina .EUS-ek badu izaera inklusibo bat. Badu gaitasun berezi bat horien guztien inklusiorako. Eta maite ditut horrelako proiektuak.”

.EUSek asko eman dit niri. Asko asko. Jendea ezagutu dut. Eta lan egiteko modu berriak. Malguak. Mugaz eta hizkuntzaz gaindikoak. Lantalde pluralak dinamizatzen ikasi dut. Frustrazioaren kudeaketan gaitasunak garatu ditut. Beldurra eta presioari neurria hartzen lagundu dit. Eta komunikazioaren arloan sakontzen. Eta zuzenbidean, fundazioaren eraketarekin. Baita arlo ekonomiko eta finantzarioan ere. Finean, arlo guztietan aritzera behartzen ninduen. Eta merezi izan du. Baita maila pertsonalean. Esango nuke, ziur aski, ez naizela sekula eman didan guztia identifikatzeko gai izango. Eta horregatik, beti gordeko dut ‘eskerrik asko’ bat .EUSentzat. Eta horrek bere baitan biltzen duen guztiarentzat (pertsonak barne).

Eta horregatik, ohore bat da nik neuk ere .EUSi ematen jarraitu ahal izatea. Baita atari honetan ere. Ongietorri sarean.eus!

Aurreko bidalketa

4G-LTE konexioak, haririk gabeko konexio bizkorra

Hurrengo bidalketa

Alfabetatze digitala

Egilea

Iratxe Esnaola Arribillaga

Iratxe Esnaola Arribillaga

Formazioz Ingeniaria Informatikan eta Doktorea Hezkuntzan eta IKTek jendartean duten eraginak interes berezia pizten dit. .EUS domeinua jaiotzatik abiatze-faseraino zaindu eta sentitu nuen. Eta beti eramango dut bihotzean.

Iruzkinik ez

Utzi erantzun bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude