3.600 domeinu-izenen jabe da Donald J. Trump. Eta, Trump.eus? Akabo ba, nola ez! Zor zigun, zor zien keinu hori Mikel Reparaz kazetaria etxean –hori bai etxea- hartu eta markiñera ederrean haren aldeko kanpaina egin zutenei. Etorkin izandako horiei, euskaldunei. “Euskaldunak, baina amerikanuk”.

Egiari zor, ez dut uste trump.eus, Donald Trumpena denik. Baina, izan bada. Trump.eus erregistratuta dago. Ikusteko dago zer erabilera ematen dioten!

Kontua da Trumpek berak erregistratuta dituen 3.600 domeinu-izen horien artean gehiago daudela iraingarriak, Mr. President berria goraipatzekoak baino. Efektiboagoa baita kontrako iritziak bloketauta izatea norberaren indarguneak goraipatzea baino.

Donald Trumpen 3.600 domeinuen artean donaldtrumpsucks.com eta antzeko asko dago. Hillary Clintonen karteran 214 domeinu “besterik ez”, baina tartean dira .xxx luzapendunak.

Trump eta Clintonenen hautagaitzei lotutako beste milaka domeinu-izen ere erregistratu dira, trump.eus kasu. Horietako batzuk saldu eta negozioa egin asmoz. Horrela, 10.000 $ eskatzen zituzten trump.club –en truke. Beste horrenbeste trump.ninja izenaren truke. Merkeago, 500 $ -ean, trump.republican.

Clintonek ere bazuen bere merkatua, ez nolanahikoa. hillary.sexy domeinu-izenagatik, esate baterako, 29.000 $ eskatzen zituzten. Clintonen domeinu-izenetan inbertitu duenarentzat ez dira egun onak, ordea. Dagoeneko ez da inor, eta domeinu-izen horiek guztiek laster ez dute ezer balioko.

Gurean ere badira hauteskundeak, Euskal Herriko Unibertsitatekoak, alegia. Eta, arerio politikorik gabeko errektoregaiak nekaneballuerka.eus webgune txukun askoa darabil bere egitasmoa aurkezteko. Ondo egina!

Ondo egina, zer esanik ez, “Izana eta… izena?” irakurri zutelako edo berez jenialak direlako, franco.eus darabilten Artedramako artistak.